Foru-arauak izena dute Batzar Nagusiek egiten dituzten xedapen orokorrek. Bereziki Euskadiko Autonomia Estatutuan eta “Lurralde Historikoen Legea” izenekoan finkatzen diren gaiak arautuko dituzte, betiere Arabak gai horietan eskumena baldin badu. 

Honako alderdi hauek arautu behar dira foru-arauen bidez: 

  • Foru-organoen antolaketa eta funtzionamendua. 
  • Lurralde Historikoen aurrekontuak, haien kontu orokorrak eta finantza- zein kreditu-eragiketak. 
  • Lurralde Historikoaren zerga-araubidea. 
  • Obra eta Zerbitzuen Foru Plana. 
  • Toki Erakundeetako zergak arautzea, haien finantza-babesa eta Lurralde Historikoko udalerrietako finantzaketaren araubide orokorra, Kontzertu Ekonomikoaren Legeak finkatzen duen moduan.
  • Probintziako zein udalerrietako ondasunen araubidea. 
  • Lurralde osoan eragina duten sektore-planak. 
  • Lurralde Historikoaren antolaketa eta banaketa politiko-administratiboa. 
  • Udal-barrutiak aldatzea. 

Halaber, Batzar Nagusien araugintza-ahalmenen barruan, ondokoak berrestea ere badagokie, betiere Foru Aldundiak proposatuta: 

  • Lurralde Historikoak bere gain eskumenak hartzea. 
  • Erakunde komunei eskumenak lagatzea. 
  • Eusko Jaurlaritzarekin, Estatuarekin, gainerako lurralde historiko, autonomia-erkidego edo probintziekin egiten diren hitzarmenak. 

Batzar Nagusiek foru-arau bat onetsi arte jarraitu beharreko izapideak Arabako Batzar Nagusien Araudian erregulatuta daude. Araudiak ohiko araugintza-prozedura bat ezartzen du, eta beste batzuk bereziak direnak. 

Ondokoek emango diote hasiera araugintza-prozesuari: 

  • Arabako Foru Aldundiak. 
  • Batzarkide-talde batek, bozeramailearen edo ordezkoen sinadura bakar batekin. 
  • Btzarkide batek Ganberako beste hiru kideren sinadurarekin. 
  • Herritarrek, baldin eta betetzen badira Arabako Batzar Nagusien aurrean araugintzarako ekimena arautzen duen Arabako Batzar Nagusien uztailaren 4ko 15/86 Foru Arauan ezartzen diren betekizunak. 

Foru Aldundiak aurkeztutako ekimenak “Foru Arau Proiektua” izena baldin badu, batzarkide-taldeek, batzarkideek edo herritarrek aurkeztutakoa “Foru Arau Proposamena” izango da. 

Foru-arau proposamenen hasierako izapidetza beste bat da; ezen behin aurkeztuta, Foru Aldundira bidaltzen baitira eta Foru Aldundiak aintzat hartzearen aldeko edo aurkako irizpena emango du. Foru Aldundia foru-arau proposamenak izapidetzearen aurka egon daiteke, foru-arau proposamen horiek gastua handitzea (inolako kontrapartidarik gabe) edo aurrekontu-ekitaldiko diru-sarrerak gutxitzea ekartzen badute.  Tramite horiekin amaitu ondoren, foru-araua proposamena Batzar Nagusietako Osoko Bilkurara bidaliko da Osoko Bilkurak aintzat har dezan. Aintzat hartzen badu, foru-arau proiektuetarako egindako araugintza-prozesu bera jarraituko du foru-arau proposamen horrek.

Ohiko araugintza-prozedurarekin batera, badira beste prozedura berezi batzuk. Honako hauek dira:

  • Araugintzako ahalmen osoa batzordeei uztea. 
  • Foru arau proiektuak eta proposizioak irakurketa bakarreko prozeduraz onestea. 
  • Arabako Foru Aldundiaren eskumenak eta hitzarmenak eskuratzeko eta lagatzeko akordioak berresteko prozedura. 
  • Eusko Legebiltzarraren aurrean legegintza-ekimen bat onesteko prozedura. 
  • Premiazko prozedura. 
  • Zerga premiazko araugintzako foru dekretuen izapidetza.