Arabako aurrekontuaren tramitazioa Batzar Nagusietan - JJGG-BBNN
Albisteak
Arabako aurrekontuaren tramitazioa Batzar Nagusietan
Batzar Nagusietako Mahaiak Arabako legebiltzarraren jardueraren garrantzitsuenetako foru-arau proiektua bat izapidetzeko egutegia onartu du: Arabako Lurralde Historikoaren 2027. urterako aurrekontua gauzatzekoa, alegia.
Ostiral honetan hasiko da prozesua, Arabako Foru Aldundiak Arabarako kontuen proiektua aurkeztuta. Entregatu ondoren, Batzar Nagusietako Mahaiak kalifikatuko du, 2027rako zerga-neurriei buruzko Foru Arauaren Proiektuarekin batera, eta batzarkide-taldeei emango die, azter dezaten eta, ondoren, izapidetu dezaten.
Hurrengo astean, azaroaren 18, 19 eta 20an, foru diputatuek agerraldia egingo dute Arabako legebiltzarrean, sailez sail beren proposamenak azaltzeko. Asteazkenean, hilaren 18an, goizeko 09:00etan, ahaldun Nagusiak irekiko du agerraldien txanda.
Azaroaren 21ean hasiko da batzarkide taldeek bi foru arau proiektuei zuzenketak egiteko epea. Zerga neurriei zuzenketak egiteko epea abenduaren 1ean amaitzen da, eta aurrekontuari, berriz, abenduaren 3an.
Abenduaren 9an, Mahaiak osoko zuzenketak kalifikatuko ditu. Zuzenketak egonez gero, abenduaren 14ko osoko bilkuran eztabaidatuko dira. Osoko bilkura horretan ere zerga-neurrien proiektuari egindako osoko zuzenketak eztabaidatuko lirateke.
Hilaren 3an, amaitzen da zuzenketa partzialak aurkezteko epea, eta abenduaren 16an eta 17an aztertu eta eztabaidatuko dira batzordean, araugintza-ahalmen osoarekin. Aurrekontu proiektua berresteko osoko bilkura abenduaren 21erako, astelehenarekin, aurreikusita dago.
Arabako aurrekontuak ere irekita daude herritarren parte-hartzerako. Horrela, herritarrek foru kontuei alegazioak aurkezteko epea izango dute azaroaren 20ra arte. Herritarren proposamen horiek azaroaren 24an (asteartea) kalifikatuko ditu Mahaiak, eta azaroaren 27an (ostirala) aurkeztuko ditu batzordean.
Batzar Nagusien aurrekontuaren datak
Lurralde Historiko osorako kontuez eta zerga-neurriez gain, Arabako Legebiltzarrak bere aurrekontua izapidetuko du egun horietan.
Azaroaren 24an, Mahaiak bere kontuen foru-arauaren proposamena batzordera bidaliko du, eta egun horretan hasiko da zuzenketak egiteko epea, abenduaren 2an amaitzen dena.
Abenduaren 3an, asteartea, aurrekontu propioari egindako zuzenketak kalifikatuko dira, eta abenduaren 11n, berriz, foru-arauaren proposamena eztabaidatuko da Erregelamendu eta Barne Gobernu Batzordean, ahalmen arautzailearekin.