Batzar Nagusiek aitortzen dute farmaziek Arabako lurralde-arretan eta -kohesioan duten eginkizuna

Batzar Nagusiek aitortzen dute farmaziek Arabako lurralde-arretan eta -kohesioan duten eginkizuna

cof
2026 ira. 25

 

Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako presidenteak, Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidente berria, Mercedes Villacorta, hartu du gaur, Farmazialariaren Munduko Egunean, Arabako legebiltzarrean egindako topaketa batean. Milagros López de Ocáriz eta Karmele Mendiarach izan dira ere bileran. 

Elkargoaren arduradun berriarekin harreman instituzionala ezartzeko, sektoreak dituen erronka nagusiei heltzeko eta Arabako farmaziako profesionalek egunero egiten duten lanari balioa emateko balio izan du bilerak.

Topaketa, gainera, erankundearentzat bereziki esanguratsua den aste batean gertatu da. Batzar Nagusietako presidenteak Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialak urtero antolatzen duen topaketan parte hartu zuen atzo. Bertan, hainbat profesionalen ibilbidea eta lana aintzatesten da. Gainera, Batzar Nagusietako egoitza berdez argituta egongo da egun hori gogorazteko. 

 Irma Basterrak bereziki nabarmendu du farmazia komunitarioa dela herritarren eguneroko bizimoduarekin lotura estuena duen hurbileko zerbitzuetako bat, eta, bereziki, Arabako landa-ingurunean farmazien sare sendoa mantentzearen garrantzia.

Ildo horretan, Arabako legebiltzarreko presidenteak azpimarratu du landa-farmaziek sendagaiak ematetik haratago doan funtzioa betetzen dutela. "Haien presentziak erraztu egiten du herritarrek farmazia-arreta jasotzeko aukera izatea, bereziki garrantzitsua da adinekoentzat edo mugitzeko zailtasunak dituztenentzat, tratamenduen jarraipena egiten laguntzen du, eta osasun-arloko informazio-, prebentzio- eta hezkuntza-puntu hurbila da. Landa-ingurunean bizitzea eta bertan irautea ahalbidetzen duten zerbitzuen multzoaren parte ere bada, pertsonen autonomia, lurralde-kohesioa eta biztanleria-finkapena bultzatuz", nabarmendu du Irma Basterrak.

Arabak, gainera, bere landa-eremuetan arreta farmazeutikoa hobetzera berariaz zuzendutako ekimenak ditu, hala nola Botika Etxean Eskura programa, Añanan eta Arabako Mendialdean garatua, sendagaiak eskuratzea errazteko eta ingurune horietan bizi diren pertsonen arreta farmazeutikoa indartzeko.

"Arabako landa-farmaziaz hitz egitea osasunaz hitz egitea da, baina baita hurbiltasunaz ere, zerbitzuak eskuratzeko berdintasunaz eta herri biziez. Gure udalerrietan mantentzea lortzen den zerbitzu bakoitzak pertsonek beren bizi-proiektua bertan garatzen jarrai dezaten laguntzen du ", adierazi du Irma Basterrak.
Batzar Nagusietako presidenteak Mercedes Villacortari jakinarazi dio foru erakundea prest dagoela Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin lankidetza- eta elkarrizketa-harreman bat izateko, eta lurraldeko profesional guztiak zoriondu ditu, Farmazialariaren Munduko Eguna dela eta.