Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Pleno
2022 aza. 30

Arabako Batzar Nagusiek beste osoko bilkura bat egin dute gaur goizean Probintziako Etxe-Jauregian. Hasieran, joan den asteburuan Gasteizen emakume batek jasandako erasoaren harira Bozeramaileen Batzarrak gaur goizean bertan onartutako adierazpen instituzionala irakurri da.

Ondoren, foru gobernuaren lana bultzatzeko duen eginkizuna betez, Lurralde Historikoko ordezkaritza organo gorenak batzarkide taldeek proposatutako bost mozio eztabaidatu ditu.

Lehenengoa, EH Bildu batzarkide-taldearen ekimena, Claudia Venceslao prokuradorearen hitzetan, egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako kontratuetan abusuzko klausulak egoteari buruzkoa zen. Mozioa atzera bota da eta, horren ordez, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkide taldeek aurkeztutako zuzenketa onartu da, Arabako Popularren aldeko botoekin eta EH Bildu eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeen abstentzioarekin.

Jarraian, hurrengo hiru mozioak pilatuta eztabaidatu dira, jorratutako gaiaren antzekotasuna dela eta. David Rodríguez, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeko bozeramaileak, eztabaidara eraman du Arabako landa-eremuko biztanleek arriskuen prebentzioari, lehen sorospenei eta suteak prebenitzeko eta itzaltzeko neurriei buruzko prestakuntza jaso dezaten bultzatzea; Ana Salazar, Arabako Popularren batzarkidea, suteen aurkako nekazaritza-sektoreari laguntzeko neurriak; eta Eva Lz de Arroyabe, EH Bildu taldekidea, baso-suteak prebenitzeko neurri berriak hartzea. Aurkeztutako erdibideko zuzenketa atzera bota da eta, horren ordez, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkideek aurkeztutako zuzenketa onartu da, EH Bildu, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeen abstentzioarekin.

Azkenik, Arabako Popularrak batzarkide taldekide Ana Moralesek mozio bat aurkeztu du Aldundiari eskatzeko kalte-ordaina eman diezaiela Sansoheta auzian sexu-abusuak jasan zituzten adingabeei. Puntu honetan, mozioa atzera bota da eta, horren ordez, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztutako ordezkapen-zuzenketa onartu da, EH Bildu, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeen abstentzioarekin.