Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Osoko bilkura
2022 eka. 29

Arabako Batzar Nagusiek gaur goizean egin duten osoko bilkuran, mahaiko bi kidek atzo bozeramaileen batzarrak onartutako adierazpen instituzionala irakurri dute, LGTBI Pertsonen Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta (ekainaren 28a).

Ondoren, osoko bilkurak gai-zerrendari heldu dio, ekainaren 14ko Foru Gobernu Kontseiluaren 8/2022 Zerga Premiazko Arau Dekretua baliozkotuz, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 19ko 12/1993 Foru Dekretu Arauemailearen aldaketa onartzeko, EAJ-PNV, Euskal Sozialistak, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-) batzarkide taldeen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Jarraian, Ganberak Zerga Premiazko beste Arau Dekretu bat baliozkotu du, kasu honetan ekainaren 14ko Foru Gobernu Kontseiluaren 9/2022koa, TicketBAI betebeharrari buruzko hainbat neurri onartzeko. Bozketan, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) izan ezik, abstenitu egin baita, batzarkide talde guztien babesa jaso du.

Gai-zerrendako hurrengo puntuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko administrazio arteko hitzarmena berresteko foru-arauaren proiektuaren onarpena jasotzen zen, Araban garraio-datu aurreratuak sortzeko, Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan - Next Generation EU. Foru araua EAJ-PNV, Euskal Sozialistak, Arabao Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu da.

Bilkuraren bigarren zatian, Lurralde Historikoko ordezkaritza-organo gorenak, foru-gobernuaren lana bultzatzeko eginkizuna betez, batzarkide taldeek proposatutako hiru mozio eztabaidatu ditu. Horrela, lehena, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldearen ekimena, David Rodríguez bozeramailearen hitzetan, salgaiak trenbidearen bidez garraiatzeko ordezko irtenbideak bilatzekoa zen, trenbidearen zati bat Gasteizen lur azpitik igarotzeko egiten ari den proiektuaren aurrean. Mozioa atzera bota da proposamena egin duen taldearen aldeko botoekin eta EAJ-PNV, EH Bildu, Euskal Sozialistak eta Arabako Popularrak taldeen kontrako botoekin.

Azkenik, gai-zerrendako azken bi puntuak metatu egin dira, gaiaren antzekotasuna dela eta. Horrela, Arabako Popularrak batzarkide taldekide Borja Monjek Beasain eta Bergara arteko A-636 errepideko bidesariari buruzko mozioa aurkeztu du, eta Iñaki ullibarri EH Bildu batzarkide taldeko prokuradoreak eta Damián García-Moreno Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeko kideak, berriz, Beasain eta Bergara arteko A-636 errepideko hainbat zatitan bidesaria oso-osorik kobratzeak errepide hori sarri erabiltzen duten langile arabarrei, ez baitaude Gipuzkoan erroldatuta, sortzen dien diskriminazioari buruzko ekimena azaldu dute. Aurkeztutako erdibideko zuzenketa atzera bota da eta, horren ordez, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztutako ordezkapen-zuzenketa onartu da, EH Bilduren, Arabako Popularren eta Elkarrekin Arabaren (Podemos-Ezker Anitza-Equo) abstentzioarekin.