Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Osoko bilkura
2022 mai. 11

Arabako Batzar Nagusiek gaur goizean egindako osoko bilkuran, zerga-larrialdiko bi arau-dekretu baliozkotu dira: 6/2022 Dekretua, zerbitzu digital jakinen gaineko zerga eta finantza transakzioen gaineko zerga aldatzea onartzeko, eta 7/2022 Dekretua, energiaren arloko zerga neurriak eta beste zerga neurri batzuk onetsi zituen otsailaren 1eko 1/2022 Zerga Premiazko Araugintzako Dekretuaren aldaketa onesteko. Biak baliozkotu dira EH Bilduren abstentzioarekin eta Ganberako gainerako taldeen aldeko botoekin.

Ondoren, Foru Ganberak hiru mozio eztabaidatu ditu, batzarkide-taldeek aurkeztuak. Lehenik eta behin, Kike Fz de Pinedok, EH Bildu batzarkide-taldeko bozeramaileak, ontzien hondakinak sailkatzeko eta tratatzeko instalazioa kudeaketa publikoa izateko ekimena aurkeztu du. Mozioa atzera bota da proposamena egin duen taldearen eta Elkarrekin Arabaren (Podemos-Ezker Anitza-Equo) aldeko botoekin eta EAJ-PNVren, Euskal Sozialisten eta Arabako Popularren kontrako botoekin.

Jarraian, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeak, Txomin Valluerca prokuradorearen hitzetan, Arabako Errioxako oliba-sektorea suspertzeko aukera eraman du osoko bilkurara. Aurkeztutako erdibideko zuzenketa aho batez onartu da.

Saioa amaitzeko, Arabako Popularrak batzarkide-taldeko bozeramaile Iñaki Oyarzabalek prezioen igoera orokorra eragiten ari den ondorio larriei eta hartu beharreko neurriei buruzko mozio bat aurkeztu du. Mozioa atzera bota da eta, horren ordez, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkide taldeek aurkeztutako zuzenketa onartu da, EH Bildu eta Arabako Popularrak batzarkide taldeen aurkako botoekin eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldearen abstentzioarekin.