Ordezkari politikoak eta Batzar Nagusietako langileak komunikazio instituzional eta politiko inklusiboan trebatzen dira - www.jjggalava.eus
Albisteak
Ordezkari politikoak eta Batzar Nagusietako langileak komunikazio instituzional eta politiko inklusiboan trebatzen dira
Ordezkari politikoak eta Batzar Nagusietako langileak komunikazio instituzional eta politiko inklusiboan trebatzen dira
Arabako Batzar Nagusietako batzarkide-taldeetako ordezkariek eta langileek berdintasunari buruzko prestakuntza-programa bat hasiko dute gaur, komunikazio instituzional eta politiko inklusiborako gakoak ikasteko. Hala, besteak beste, Arabako legebiltzarreko batzarkideek eta langileek diskriminazio eta eraso sexistei aurre egiteko estrategiak partekatuko dituzte datozen asteetan, genero-sozializazioak bizitza publikoan duen eraginaz jabetuko dira, eta sare sozialek modu seguruago, estrategikoago eta kontzienteagoan erabiltzeko dituzten aukerak eta arriskuak ezagutuko dituzte, besteak beste.
Gaur hasi dira lehenengo saioak, Arabako Batzar Nagusien I. Berdintasun Planean aurreikusitakoak, eta honako gai hauek jorratuko dira:
• Komunikazio ez-sexista eta inklusiboa euskaraz eta gaztelaniaz, kudeaketa publikoari aplikatuta.
• Potentzialtasunak eta problematikak teknologia berrien erabileran genero-ikuspegitik, komunikazio instituzional eta politikoa azpimarratuz.
• Emakumeak eta lidergoa.
• Berdintasuna alboratuz: maskulinitateak feminismotik.
"Berdintasun taldean beharrezkotzat jotzen genuen komunikazio inklusiboaren inguruko prestakuntza. Izan ere, nahiz eta urratsak eman diren, bai maila indibidualean bai kolektiboan, funtsezkoa da oraindik ere premia hori identifikatzea, gure komunikazio publikoaren eraginaz (zentzu batean edo bestean) jabetzea. Feminismotik lidergoa hartu behar dugu, eta fokua gugan, emakumeengan eta maskulinitateen berrikuspenean jarri behar dugu. Aurreiritziak eraisteko eta nagusitasun matxista iraunarazi nahi duten diskurtsoen aurrean gure irizpidea aberasteko", nabarmendu du Irma Basterra Batzar Nagusietako presidenteak.
Prestakuntza-programa June Fernández Casete generoan espezializatutako kazetariak egingo du, Pikara Magazine aldizkari digital feministaren bultzatzaile eta zuzendariak. Komunikazio politikoari eta generoari buruzko antzeko ikastaroak dinamizatu ditu, EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen Virginia Woolf Basqueskola ekimenaren barruan eta Aragoiko Udalerrien, Eskualdeen eta Probintzien Federazioarentzat. Era berean, komunikazio inklusiboari eta hizkera ez-sexistari buruzko prestakuntza erregularrak ematen ditu Eusko Jaurlaritzarentzat, Arabako Foru Aldundiarentzat eta IVAPen bitartez. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), Arabako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Politika Saileko euskarazko eta gaztelaniazko hizkuntza inklusiboaren gidak idatzi ditu.