Prokuradoreek, langileek eta herritarrek elkarrekin lantzen dute berdintasuna

Prokuradoreek, langileek eta herritarrek elkarrekin lantzen dute berdintasuna

8m
2026 mar. 06

 Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Batzar Nagusiek Berdintasuna lantzeko eta hazteko gonbita egin diete herritarrei. Arabako legebiltzarreko Berdintasun Taldea osatzen duten ordezkari politiko eta langileek matthiola moreak landatu dituzte Vicente Goikoetxearen lorategian, erakunde gisa duten konpromiso kolektiboaren sinbolo moduan. Landaketa bateratua emakumeen arteko elkartasunaren, sororitatearen eta batasunaren sinbolo ere bada. Gainera, landaketa amaituta, Berdintasun Taldeak herritarrei 200 landare, matthiola moreak eta lilak eman dizkie, Prado kaleko Batzar Nagusien fatxadan.
 

 

Ekimen horien berri emateaz gain, erakundeak aldarrikapen, ospakizun eta hausnarketa egun hori ikusarazten du bere ekintzen bidez, hala nola Prado kaleko ateak morez janztea, fatxadaren argiztapena, webguneko eta sareetako komunikazioa eta beste proposamen batzuk.

 

"Gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa da berdintasuna zaintzea, babestea eta defendatzen jarraitzea, desberdintasuna ukatzen eta hutsaltzen duten eta emakumeen aurkako indarkeria ukatzen eta hutsaltzen duten eskuin muturraren diskurtsoen aurrean. Belar txarrak bezala, diskurtso horiek iraunkorrak dira, laboreak kutsatzen dituzte, azkar hedatzen dira. Ez ditugu nahi. Landu dezagun berdintasuna gure etxeetan, lanean, gure lagunekin, gure harremanetan, txat kolektiboetan, gure kontsumo-erabakietan, gure bizi-proiektuetan ", nabarmendu du Irma Basterra presidenteak, Batzar Nagusietako Berdintasun Taldearen izenean.

Argazki guztiak