Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Osoko-bilkura aretoa
2023 mar. 08

Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidenteak hitzaldi labur batekin hasi du gaur goizean osoko bilkura, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Arabako Foru Ganberako ordezkari nagusiak nabarmendu du beharrezkoa dela emakumeek erabaki- eta lidergo-estamentuetan parte har dezaten sustatzea, eta, era berean, omenaldia egin nahi izan die indarkeria matxista pairatu dutenei edo pairatzen dutenei, bai eta gaitz sozial horren ondorioz erail dituztenei ere.

Ondoren, osoko bilkurak gaurko saiorako aurreikusitako gai-zerrendari heldu dio. Eztabaidari hasiera emateko, otsailaren 14ko Foru Gobernu Kontseiluaren 2/2023 Zerga Urgentziazko Arau Dekretua baliozkotu da. Dekretu horren bidez, Balio Erantsiaren gaineko Zergan, Zerga Berezietan, Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren gaineko Zergan eta berandutze-interesean sartutako aldaketak Arabako zerga-araudira egokitzea onartzen zen. EAJ-PNV, Euskal Sozialistak, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin baliozkotu da.

Jarraian, Ingurumen eta Hirigintza Batzordearen irizpena onartzeari ekin zaio, Arabako Lurralde Historikoko Bizikleta Bideen eta Ibilbide Berdeen Lurralde Plan Sektoriala behin betiko onartzeko foru-arauaren proiektuari buruzkoa. 8/2023 foru araua EAJ-PNV, Euskal Sozialistak eta Arabako Popularrak batzarkideen aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Elkarrekin Arabaren (Podemos-Ezker Anitza-Equo) abstentzioarekin onartu da.

Bilkuraren bigarren zatian, foru gobernua bultzatzeko ekimenei dagokienean, Lurralde Historikoko ordezkaritza organo gorenak hiru mozio eztabaidatu ditu. Lehenengoak, Eva Lz de Arroyabe EH Bilduko prokuradorearen hitzetan, lehen sektorean botilak eta beirazko ontziak berrerabiltzea bultzatu nahi zuen. Aurkeztutako erdibideko-zuzenketa aho batez onartu da.

Jarraian, Javier Argote EH Bilduko prokuradoreak ekimen bat aurkeztu du Zuia eta Urkabustaiz udalerrietarako ur-hornidura bermatzeko. Aurkeztutako erdibideko-zuzenketa atzera bota da eta, horren ordez, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkide-taldeek aurkeztutako ordezkapen-zuzenketa onartu da, EH Bilduk, Arabako Popularrek eta Elkarrekin Arabak (Podemos-Ezker Anitza-Equo) aurkako botoekin.

Gaur goizean, Arabako Alderdi Popularraren ekimenez eta Iñaki Oyarzabal bozeramaileak osoko bilkurara eramandako hirugarren eta azken mozioa Gardelegiko zabortegia handitzeari buruzkoa zen. Mozioa atzera bota da eta, horren ordez, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkideek aurkeztutako ordezkapen zuzenketa onartu da, EH Bilduk, Arabako Popularrek eta Elkarrekin Arabak (Podemos-Ezker Anitza-Equo) aurkako botoekin.

Batzordeen eta osoko bilkuraren bilerak zuzenean jarraitu daitezke Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.