Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Pleno
2022 mar. 09

Arabako Batzar Nagusiek beste osoko bilkura bat egin dute gaur goizean, eta, hasieran, martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna, dela-eta bozeramaileen batzordeak atzo onartutako adierazpen instituzionala irakurri da.

Jarraian, gaurko aurreikusitako gai-zerrendari heldu zaio. Hasteko, Foru Gobernu Kontseiluaren otsailaren 22ko 2/2022 Zerga Premiazko Arau Dekretua baliozkotu da, atzerrian kokatutako ondasun eta eskubideei buruzko informazioa emateko betebeharra arautzen duen araudia aldatzeko. EAJ-PNV, Euskal Sozialistak y Arabako Popularrak aldeen aldeko botoekin eta EH Bildu eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeen abstentzioarekin baliozkotu da.

Ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien arteko lankidetza-hitzarmena berresteko foru-arauaren proiektua izapidetu da, 2022-2024 aldian euskara hutsezko hedabideen funtzionamendua ziurtatzeko. EAJ-PNV, EH Bildu, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkideen aldeko botoekin eta Arabako Popularren abstentzioarekin onartu da foru-araua.

Jarraian, Lurralde Historikoko ordezkaritza-organo gorenak batzarkide taldeek proposatutako hiru mozio eztabaidatu ditu, foru gobernuaren lana bultzatzeko eginkizuna bete. Lehenengoak, EH Bildu batzarkide taldearen ekimenak, Kike Fz de Pinedo bozeramailearen hitzetan, Arabako esne sektorean bidezko lan baldintzak eta prezio duinak bermatzea nahi zuen. Aurkeztutako erdibideko zuzenketa atzera bota da, eta EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztutako zuzenketa onartu da, EH Bildu batzarkide-taldearen aurkako botoekin eta Arabako Popularren eta Elkarrekin Arabaren (Podemos-Ezker Anitza-Equo) prokuradoreen abstentzioarekin.

Beste bi mozioak pilatuta eztabaidatu dira, aztertutako gaiaren antzekotasuna dela eta. Lehenaren testua, EH Bildu eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkideen baterako ekimena, Eva Lz de Arroyabe eta David Rodriguezen hitzetan, Araban izan berri diren uholdeei eta uholde horien ondorioei buruzkoa izan da, eta bestea, Borja Monjek, Arabako Popularrak batzarkide taldearen prokuradoreak, uholdeen ondorioak arintzeko asmoz aurkeztu du. Puntu horretan, erdibideko zuzenketa bat ere aurkeztu da, baina osoko bilkurak atzera bota du. Horren ordez, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztutako zuzenketa onartu da, EH Bildu, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeen abstentzioarekin.