Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Osoko bilkura
2021 urr. 13

Arabako Batzar Nagusien beste osoko bilkura bat egin da gaur goizean Probintzia Jauregiko osoko bilkuren aretoan. Gaur goizean bozeramaileen batzordeak onartutako adierazpen instituzionala irakurrita hasi da bilera, Gasteizen atzo izandako hilketa matxistaren aurrean gaitzespena eta arbuioa adierazteko. Jarraian, osoko bilkurak minutu bateko isilunea egin du eraildako emakumearen oroimenez.

Ondoren, eta araugintza-eginkizuna betez, Foru Ganberak ekin dio saioari, larrialdiak kudeatzeko lankidetzaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin lankidetza-hitzarmen bat berresteko foru-arauaren proiektua onartzeari buruzko eztabaidarekin. Foru araua EAJ-PNV, EH Bildu, Socialistas Vascos eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkideen aldeko botoekin eta Arabako Popularren abstentzioarekin onartu da.

Gai-zerrendako puntu hori amaitu ondoren, batzarkide taldeek aurkeztutako bi mozio eztabaidatu dituzte prokuradoreek, Arabako Batzar Nagusiek Foru Aldundiaren gobernua bultzatzeko duten funtzioaren esparruan.

Lehenik eta behin, David Rodríguez Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeko bozeramaileak Baskonia-Alaves taldearen unibertsitate pribatuaren proiektuaren finantzazio publikoari buruzko mozioa eraman du osoko bilkurara. Mozioa atzera bota da eta, horren ordez, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztutako zuzenketa onartu da EH Bildu eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeen aurkako botoekin eta Arabako Popularren abstentzioarekin.

Gai-zerrendaren laugarren puntuan, Arabako Popularrak batzarkidetaldeak aurkeztutako mozioaren eztabaida agertzen zen. Mozio horren bidez, abeltzaintza eta harakinen sektoreari aitorpena egin eta elkartasuna adierazi nahi zitzaion, eta Kontsumo Ministerioak haragi-kontsumoaren aurka bultzatutako kanpaina bertan behera uzteko eskatu. Hala ere, osoko bilkura hasi baino lehen, ekimena egin duen taldeak Nekazaritza Batzordera bidaltzeko eskatu du.

Eta, amaitzeko, Arabako Popularrak batzarkide taldekide Ana Salazar prokuradoreak eskatuta, anbulantzietako langileen segurtasuna bermatzeari eta anbulantzia medikalizatu gehiago eskatzeari buruzko mozio bat eztabaidatu du foru parlamentuko organo gorenak. Mozioa eta aurkeztutako zuzenketak atzera bota ditu osoko bilkurak.

Deskargatu hemen bozketen laburpena