Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Osoko bilkura
2021 api. 21

Arabako Batzar Nagusiek beste osoko bilkura bat egin dute gaur goizean Probintziako Jauregi-etxeko osoko bilkuren aretoan. Osoko bilkuraren hasieran, minutu bateko isilunea egin dute, joan den igandean hil zen 2003 eta 2011 bitartean EAJ-PNV batzarkide taldeko prokuradore Jose Luis Letona Ainzen omenez.

Jarraian, prokuradoreek aho batez onartu dute Arabako Foru Aldundiaren eta Burgosko Probintzia Aldundiaren arteko lankidetza-esparru-akordioa berresteko foru-arauaren proiektua, Trebiñuko enklabeari dagokionez. Jarraian, osoko bilkurak Foru Gobernu Kontseiluaren martxoaren 23ko 3/2021 Zerga Premiazko Dekretu Arauemailea baliozkotzeari ekin dio, COVID-19rekin lotutako aparteko neurri gehigarriak onartzeko. Kasu honetan, bozketak EAJ-PNV, EH Bildu, Euskal Sozialistak eta Arabako Popularrak batzarkide taldeen aldeko botoekin eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldearen abstentzioarekin amaitu da.

Gai-zerrendako azken gai arautzaile gisa, Ogasun, Finantza eta Aurrekontu batzordeak tresna teknologikoak erabiltzeko betebeharra ezartzen duen foru-arauaren proiektuari buruz emandako irizpena onartu du osoko bilkurak. Aurrera atera da EAJ-PNV, Euskal Sozialistak eta Arabako Popularrak batzarkide taldeen aldeko botoekin, EH Bildu batzarkide taldearen aurkako botoekin eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldearen abstentzioarekin.

Bestalde, saioaren bigarren erdian hiru mozio eztabaidatu dituzte, parlamentu honek foru gobernuari ezarri zion funtzioa betetzeko. Lehenik eta behin, Arantxa Abecia Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeko bozeramaileak Arabako Natur Zientzien Museoaren etorkizunari buruzko mozioa proposatu dio osoko bilkurari. Mozioa atzera bota da eta, horren ordez, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkide taldeek aurkeztutako zuzenketa onartu da.

Bigarrenik, Arabako Popularrak batzarkide taldeak, Iñaki Oyarzabal bozeramailearen hitzetan, Ekarpenen Legeari buruzko eztabaida bultzatu du. Mozio hori atzera bota da eta, horren ordez, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkide taldeek aurkeztutako zuzenketa onartu da.

Saioa amaitzeko, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldearen beste ekimen bat eztabaidatu da, kasu honetan David Rodríguez prokuradorearen hitzetan, Lurralde Historikoan energia berriztagarrien eta jasangarrien instalazioak behar bezala hedatzea lehenbailehen ahalbidetzeko eta bideragarri egiteko. Mozioa, bai eta EH Bildu eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeek aurkeztutako erdibideko zuzenketa ere, atzera bota dira, eta, horren ordez, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkide taldeek aurkeztutako zuzenketa onartu da.

Deskargatu hemen bozketen laburpena