Osoko bilkurak Lurralde Historikoko aurrekontuen foru araua berretsi du

Osoko bilkurak Lurralde Historikoko aurrekontuen foru araua berretsi du

Osoko bilkura
2021 abe. 23

Batzar Nagusiek bilkura berean onartu dituzte ekonomia suspertzeko neurriak, ticketbai aplikatzeko neurriak eta zergen arloko beste neurri batzuk ezartzen dituen eta irabazteko xederik gabeko entitateen zerga araubideari eta mezenasgorako zerga pizgarriei buruzko foru-arauak

Arabako Batzar Nagusien osoko bilkurak berretsi egin du gaur goizean Arabako Lurralde Historikorako 2022. urterako Aurrekontuen Foru Araua, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkide taldeen aldeko 27 botorekin. Urrats horrek, Ganberaren araudiak eskatuta, foru araua behin betiko berrestea dakar, Ogasun, Finantza eta Aurrekontu batzordeak asteartean onartu ondoren.

Osoko bilkura goizeko 9:30ean hasi da, eta batzarkide talde guztiek hartu dute parte, handienetik txikienera, eta, ondoren, txanda bat izan dute erantzuteko, hurrenkera berean. Eztabaida amaituta, Pedro Elosegi Ganberako presidenteak foru araua bozkatzeko deia egin die prokuradoreei. Zenbaketaren emaitza honakoa izan da: aldeko 27 boto (EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkide taldeak) eta kontrako 23 boto (EH Bildu, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeak).

Aurrekontuak lurralde-legerian onartzean, foru-arauak libre du indarrean jartzeko bidea, Arabako Batzar Nagusien Aldizkari Ofizialean, eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Arabako Parlamentuak 2021ean onartu duen 33. foru araua da.

Ekonomia suspertzeko neurriak

Gai-zerrendarekin jarraituz, Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Batzordeak ekonomia suspertzeko neurriak, ticketbai aplikatzeko neurriak eta zergen arloko beste neurri batzuk ezartzen dituen foru-arauaren proiektuari buruz emandako irizpena onartzeari ekin dio jarraian osoko bilkurak. Arabako Popularrak batzarkide taldeko ordezkariak hasi du eztabaida, talde horrek bakarrik proiektua izapidetzen ari den bitartean zuzenketak osoko bilkuran eztabaidatzeko gorde ditu eta, eta ondoren, talde ezberdinetako bozeramaileei eman die hitza.

Foru Ganberan ordezkaritza duten alderdi guztiek parte hartu ondoren, lehenik eta behin eztabaidatutako zortzi zuzenketak bozkatu dira. Hauek atzera bota ostean, osoko bilkurak aldeko 27 botorekin (EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkideak) eta EH Bildu, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Arabako (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkideen 23 abstentziorekin batzordearen irizpena onartu da.

Eta, saioa amaitzeko, osoko bilkurak irabazi-asmorik gabeko erakundeen zerga-araubideari eta mezenasgorako zerga-pizgarriei buruzko foru-arauaren proiektuari buruzko irizpena ere eztabaidatu du. Kasu honetan, bi izan dira osoko bilkuran eztabaidatzeko zuzenketa partzialak erreserbatu dituzten batzarkideak: EH Bildu eta Arabako Popularrak. Zuzenketa horiek irizpena behin betiko bozkatu aurretik eztabaidatu eta bozkatu dira. EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkide taldeen aldeko botoekin eta EH Bildu, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Arabako (Podemos-Ezker Anitza-Equo) abstentziorekin onartu da.