Ogasun, Finantza eta Aurrekontu batzordeak astelehenean irekiko du legegintza-astea Araban

Ogasun, Finantza eta Aurrekontu batzordeak astelehenean irekiko du legegintza-astea Araban

Batzorde-aretoa
2023 mar. 10

Astean zehar Nekazaritza eta Kultura eta kirol batzordeak ere bilduko dira eta, asteazkenean, Ganberak beste osoko bilkura bat egingo du foru arau proiektu bat eta batzarkide taldeek aurkeztutako bost mozio eztabaidatzeko

Arabako Lurraldeko legegintza-astea astelehen goizean hasiko da, Ogasun, Finantza eta Aurrekontu batzordearen bilerarekin. 9:00etatik aurrera, arlo horretako foru diputatu Itziar Gonzalok agerraldia egingo du azken kanpainako langile autonomoen errenta aitorpenari dagozkion itzulketak azaltzeko. Ondoren, batzordeko kideek bi mozio eztabaidatuko dituzte Arabako Lurralde Historikoan Fortuna Handien Elkartasunaren Aldi Baterako Zerga aplikatzeari buruz eta erreforma fiskalaren beharrari buruz, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) eta EH Bildu batzarkide taldeen ekimenak, hurrenez hurren.

Foru Ganberan ohikoa den bezala, asteartean Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzarraren asteroko bileren txanda iritsiko da. Bilera horietan, besteak beste, martxoaren 22an, hurrengo asteazkenean, egingo den osoko bilkuraren gai-zerrenda adostuko da.

Asteazkenean, bestalde, Arabako legegileak beste osoko bilkura bat egingo du, eta, hala badagokio, Arabako Foru Aldundiaren gobernu, antolaketa eta araubide juridikoaren foru-arauaren proiektuari buruzko irizpena onartzearekin hasiko da, batzarkide-taldeek aurkeztutako bost mozioei (gai-zerrenda barne) heldu baino lehen. Lehenengoa, Arabako Popularrak batzarkide-taldeak aurkeztua, Pedro Sanchezen gobernuak Gasteizen proiektatzen duen Errefuxiatuak Hartzeko Zentro berriari buruzkoa izango da: EH Bilduk, bere aldetik, Arabako harrera-baliabideak eta Arabako mahastizaintza- eta ardogintza-sektorerako estrategia integral baten beharra eramango ditu osoko bilkurara; Elkarrekin Araba(Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldearen ekimenez, berriz, Arabako Foru Aldundia aktiboki inplikatzea eskatuko da, Arabako Esku-hartze Sozialeko Hirugarren Lan Hitzarmen Kolektiboa sinatu ahal izateko, eta, bestetik, jabetza publikoko azpiegiturak eraiki eta birgaitzea bultzatuko da, Arabako egoitza-eredu publikora bideratzeko.

Ostegunean, Nekazaritza batzordea bilduko da Arabako Batzar Nagusien egoitzan, lehenik eta behin, UAGAko presidentearen agerraldi bikoitza hartzeko, balio handiko nekazaritza-lurretan proiektu fotovoltaikoak kokatzeari buruzko iritzia emateko, eta uraren kanonari eta ureztatze-laboreen ezarpenari eta handitzeari buruzko informazioa emateko. Batzorde horretan hiru aldiz jarraian agertuko da, halaber, Eduardo Aguinaco eremuko foru diputatua, alde batetik, Noryesteko ureztatzaileen egoera azaltzeko, eta, bestetik, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzen deialdia eta epea oraindik ez zabaltzeko arrazoiak azaltzeko eta azkenik Arabako mahastizainek laguntza hori jasotzeko aukera izango duten ala ez azaltzeko. Azkenik, trantsizio agroekologikoa errazteko eta ekoizpen ekologikoa handitzeko hartutako neurrien berri emango du.

Astea amaitzeko, ostiralean Kultura eta Kirol batzordearen bilera dago aurreikusita. Bertan, Ana del Val foru diputatuak eta Pariburuko trikuharria induskatu zuten arkeologoek memoria eta egindako lanen ondorioak azalduko dituzte, eta departamentuko titularrak ere agerraldia egingo du 2010-2020ko Iruña-Veleiako Plan Zuzentzailearen azken memoriari buruzko azalpenak emateko. Halaber, EH Bildu batzarkide taldeak La Hoyako aztarnategiari buruz egindako galderari erantzungo du. Bilkura amaitu aurretik, batzordeko kideek mozio bat eztabaidatuko dute, EH Bilduk proposatuta, Arabako Errioxako labar-dolareak eta beste labar-elementu batzuk katalogatzeko, babesteko eta balioesteko.

Batzordeen bilerak, eta baita osoko bilkura ere, zuzenean jarraitu ahal izango dira Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.