Magia eta umorea, hiru arratsaldez Arabako Batzar Nagusietan - JJGG-BBNN
Albisteak
Magia eta umorea, hiru arratsaldez Arabako Batzar Nagusietan
René Mazing magoak Batzar Nagusiak hartuko ditu bere asmamenarekin eta inprobisatzeko gaitasunarekin, magia, ikusizko gag eta hitz-jokoekin uztartzen duen ikuskizunean. Magialdia nazioarteko magia jaialdia Arabako legebiltzarrera itzuliko da iaz lortutako arrakasta ikusita. Arabako legebiltzarrak Prado kaleko ateak irekiko dizkie berriro Magiaren Ibilbideei. Ibilbide horiek edukiera murritzerako diseinatuta daude, ez 30 pertsona baino gehiagorako, eta artistekin harreman zuzena dute, zentimetro gutxira, esperientzia paregabea sortuz. Ibilbide horietako artistak lehen mailakoak dira.
Irriak bermatuta izango dira irailaren 14, 15 eta 16ko arratsaldeetan. Egunero hiru emanaldi egingo dira 19:00etan, 19:45ean eta 20:30ean. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena beharrezkoa izango da. Arratsaldero, 18:00etan, Prado kaleko Batzar Nagusietako ate arrosetan, antolatzaileek egun horretako 3 emanaldietarako gonbidapenak banatuko dituzte.
Magic Circleko (Londresen 1905ean sortutako erakunde britainiarra) kide eta hurbileko magian eta komedian espezializatutako magoa, René Mazing kartekin, txanponekin, edalontziekin, pilotekin, goma elastikoekin eta ilusioetarako eraztunekin duen trebetasunagatik nabarmentzen da. Alemaniako magia komikoaren txapelduna da eta "Britain 's Got Talent" saioan agertu da.
Batzar Nagusietako presidenteak iazko edizioan izandako parte-hartzearen arrakasta azpimarratu du. "Jaialdi garrantzitsu hau bezalako ekimenen bidez hobeto ezagutu gaitezkeela uste dugu. Europako parlamenturik zaharrenetakoa gara, eta oraindik asko dugu herritarrei hurbiltzeko. Bisita gidatuen eskaintza indartzeaz gain, Magialdiarekin, Ardoarabarekin, Herritarrentzako Eskola Irekiarekin eta beste ekitaldi batzuekin kolaboratzen dugu, ekimen horiei esker arabarrengana hurbiltzen garelako. Gure ateak ireki genizkien. Nor garen, gure eginkizuna zein den eta hemen hartzen diren erabakien garrantzia azaltzen diegu. Magia jaialdia bezalako proposamen sustraituen eskutik egitea zorte eta aukera bat da ", nabarmendu du Irma Basterrak.