Legegintza-astea Ingurumen eta Hirigintza batzordearen bilerarekin hasiko da astelehenean - www.jjggalava.eus
- Mediateka
- Agenda
- Bilkuren historikoa
Bilkurak
- Jarduera Orokorra
- Ekimenen laburpena
- Saioen laburpena
Estatistikak
- Historia
- Egoitza
- Memoriak
- Funtzio orokorrak
- Akta historikoak
Instituzioa
- Berdintasuna
- Kuadrillak
- Administrazio zerbitzuak
- Ganberaren erregelamendua
Funtzionamendua
Albisteak
Legegintza-astea Ingurumen eta Hirigintza batzordearen bilerarekin hasiko da astelehenean
Bestalde, asteazkenetako ohiko osoko bilkurari Lurralde Oreka eta Lehendakaritza, Euskara, Berdintasuna, Lankidetza eta Giza Eskubideen batzordeen bilerak gehituko zaizkio
Ingurumen eta Hirigintza batzordearen bilerak legegintza-agenda irekiko du Arabako Foru Ganberan astelehen goizean. 9:30etik aurrera, ondoz ondoko hiru agerraldi egingo dira Goiaingo ingurumen-egoerari buruz. Arabako Garapen Agentziaren zuzendari-gerenteak, Legutioko Udaleko alkateak eta Herriak Bizirik plataformako kideek egoera hori hobetzeko lehen lan-mahaiaren bileraren ondoren orain arte egindako aurrerapenak azalduko dituzte.
Foru Ganberan ohikoa den bezala, asteartean Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzarraren asteroko bileren txanda iritsiko da. Bilera horietan, besteak beste, martxoaren 15ean, hurrengo asteazkenean, egingo den osoko bilkuraren gai-zerrenda adostuko da.
Asteazkenean, bestalde, Arabako legegileak beste osoko bilkura bat egingo du. Bilkura horretan, otsailaren 14ko Foru Gobernu Kontseiluaren 2/2023 Zerga Urgentziazko Arau Dekretua baliozkotu edo indargabetuko da. Dekretu horren bidez, Balio Erantsiaren gaineko Zergan, Zerga Berezietan, Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren gaineko Zergan eta berandutze-interesean sartutako aldaketak Arabako zerga-araudira egokitzea onartzen da. Ondoren, Arabako Lurralde Historikoko Bizikleta Bideen eta Ibilbide Berdeen Lurralde Plan Sektoriala behin betiko onartzeko foru-arauaren proiektuari buruz Ingurumen eta Hirigintza Batzordeak emandako irizpena onartzeari ekin beharko dio osoko bilkurak, hala badagokio.
Bilkuraren bigarren zatian, gobernua bultzatzeko eginkizuna betez, osoko bilkurak batzarkide taldeek aurkeztutako hiru mozio eztabaidatuko ditu. Lehenengoak, EH Bildu batzarkide taldearena, lehen sektorean beirazko botila eta ontziak berrerabiltzea bultzatuko du; bigarrenak, berriz, batzarkide talde beraren ekimenez, Zuia eta Urkabustaiz udalerriak urez hornitzearen alde jarri nahi du Ganbera. Azkenik, Arabako Popularren taldeak Gardelegiko zabortegia handitzea eramango du osoko bilkurara.
Ostegunean, aurreikusita dago Lurralde Orekaren batzordea Arabako Batzar Nagusien egoitzan bilduko dela, eta, astea amaitzeko, ostiralean Lehendakaritza, Euskara, Berdintasuna, Lankidetza eta Giza Eskubideen batzordearen bilera ere dago aurreikusita.
Batzordeen bilerak, eta baita osoko bilkura ere, zuzenean jarraitu ahal izango dira Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.