Legegintza-astea Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren batzordearen bilerarekin hasiko da - www.jjggalava.eus
- Mediateka
- Agenda
- Bilkuren historikoa
Bilkurak
- Jarduera Orokorra
- Ekimenen laburpena
- Saioen laburpena
Estatistikak
- Historia
- Egoitza
- Memoriak
- Funtzio orokorrak
- Akta historikoak
Instituzioa
- Berdintasuna
- Kuadrillak
- Administrazio zerbitzuak
- Ganberaren erregelamendua
Funtzionamendua
Albisteak
Legegintza-astea Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren batzordearen bilerarekin hasiko da
Astean zehar, halaber, Araudi eta Barne Gobernurako, Gizarte Ongizate eta Kultura eta Kirol batzordeak bilduko dira, asteazkenerako aurreikusitako osoko bilkuraz gain
Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren batzordearen bilerak agenda legegilea irekiko du Arabako Foru Ganberan astelehen goizean. 9:00etatik aurrera, Arabako Pentsionistak Lanean elkarteko ordezkariek agerraldia egingo dute Aiaraldeko Kuadrillatik Galdakaoko ospitalera zuzeneko autobusa jar dezan Arabako Foru Aldundiari egin dion eskaera azaltzeko. Ondoren, Carlos Ibarlucea foru diputatuak ere agerraldia egingo du gai horri heltzeko, urtarrilaren 18an Araban izandako elurtearekin eta egun horietan errepideetan izandako eraginarekin lotutako hainbat alderdi azaldu aurretik.
Foru Ganberan ohikoa den bezala, asteartean Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzarraren asteroko bileren txanda iritsiko da. Bilera horietan, besteak beste, martxoaren 1ean, asteazkenean, egingo den gobernuaren kontrolerako osoko bilkuraren gai-zerrenda adostuko da. Halaber, egun horretan bertan, Araudi eta Barne Gobernurako batzordea bilduko da Arabako Batzar Nagusien egoitzan, hala badagokio, 2022ko Ganberaren aurrekontuaren likidazioa onartzeko.
Asteazkenean, bestalde, Arabako legegileak beste osoko bilkura bat egingo du, Foru Gobernu Kontseiluaren 1/2023, otsailaren 7koa, Zerga premiazko araugintzako dekretua baliozkotzearekin edo indargabetzearekin hasiko dena. Honen bidez onesten da alda daitezela Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 19ko 12/1993 Araugintzako Foru Dekretua eta Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko martxoaren 31ko 11/2003 Foru Araua, eta neurriak har daitezela nekazaritza aseguruetatik eratorritako zenbait konpentsazioren aldi baterako egozpenari lotuta. Ondoren, osoko bilkurak heldu beharko dio, alde batetik, Arabako Lurralde Historikoaren 2020ko ekitaldiko Kontu Orokorra onartzeko foru-arauaren proiektuari, eta, bestetik, Arabako Lurralde Historikoaren 2023ko aurrekontua betearazteko abenduaren 20ko 23/2022 Foru Araua aldatzeko foru-arauaren proiektuari.
Bilkuraren bigarren zatian, gobernua bultzatzeko eginkizuna betez, osoko bilkurak batzarkide taldeek aurkeztutako lau mozio eztabaidatuko ditu. Lehenengoa, Arabako Popularrak batzarkidetaldeak aurkeztutakoa, Araban ematen diren zerbitzu sanitario eta soziosanitarioak hobetzeko Eusko Jaurlaritzari eskatzeko alde izango da, eta bigarrenak, EH Bilduren ekimenez, komunitate energetikoen garapena jorratuko du. Jarraian, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkidetaldeak proposatuko du Arabako Foru Aldundiak neurriak har ditzala Aldundian bertan, foru sektore publikoan eta kontratazio guztietan ustelkeria prebenitzeko eta gardentasuna bermatzeko, bai eta salatzaileak lege-hausteetatik eta delituetatik babesteko ere. Arabako Popularrak taldeak, berriz, De Miguel auzian EAJko kargudunek gidatutako ustelkeria sarea gaitzestea bilatuko du. Azken bi mozio horiek batera eztabaidatuko dira, antzeko gaia delako.
Ostegunean, Gizarte Ongizateko batzordea bilduko da Arabako Batzar Nagusien egoitzan, lehenik eta behin Zaintza Babesten elkarteko ordezkarien agerraldia hartzeko, federazio berri horren helburuaren eta lanaren berri eman dezaten. Ondoren, LAB eta ELA sindikatuen ordezkariak izango dira egoitza eta etxebizitza komunitario pribatuen hitzarmenaren negoziazioa zein egoeratan dagoen jakinaraziko dutenak. Amaitzeko, batzordeko kideak Gureak Arabaren egoitzara joango dira eta bertako arduradunekin bisita egingo dute.
Astea amaitzeko, ostiralean Kultura eta Kirol batzordearen bilera dago aurreikusita. Bertan, Ana del Val foru diputatuaren bi agerraldi egingo dira, lehenik eta behin, Forondako kultur ondasun gisa katalogatutako eraikin bat eraistearen inguruan Foru Aldundiak abian jarritako ekintzak azaltzeko eta, ondoren, ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren berri emateko, haurrak eta nerabeak kiroleko indarkeriaren aurrean erabat babesteari buruzkoa. Bilkura amaitu aurretik, batzordeko kideek bi mozio eztabaidatuko dituzte, Arabako Heraldika Museoari buruzkoa Arabako Popularrek proposatuta, eta Guardiako Samaniego jauregia Guardiako, Arabako Errioxako eta Félix María Sánchez de Samaniegoren alderdi historiko, kultural eta artistikoei buruzko kultura, museo eta interpretazio gune bihurtzeko, EH Bilduren ekimena.
Batzordeen bilerak, eta baita osoko bilkura ere, zuzenean jarraitu ahal izango dira Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.