Arabako Batzar Nagusiek Minbiziaren Aurkako Munduko Eguna gogoratuko dute

Arabako Batzar Nagusiek Minbiziaren Aurkako Munduko Eguna gogoratuko dute

Fatxada berdez argiztatuta
2023 ots. 03

Arabako Parlamentuak bat egingo du datozen bi gauetan Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteak lurraldeko erakundeei egin dien eskaerarekin, euren egoitza berdez argi dezaten, kolore horrek gaixotasun horren aurkako borroka irudikatzen baitu. Osasunaren Mundu Erakundeak, Minbiziari buruzko Ikerketen Nazioarteko Zentroak (CIIC) eta Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Batasunak (UICC) otsailaren 4an ospatzen dute urtero Minbiziaren Aurkako Munduko Eguna, gaixotasun horren prebentzioan eta kontrolean aurrera egiteko kontzientziazioa areagotzeko eta gizartea mobilizatzeko helburuarekin.

Gaur goizean, halaber, Arabako Foru Ganberako presidente Pedro Elosegik eta batzarkide-taldeetako ordezkariek parte hartu dute Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan antolatu duen ekitaldian. Bertan, begizta berde handi bat osatu da, paziente batek, enpresa bateko ordezkari batek, haur batek eta Miren Bilbao Elkarteko presidenteak manifestua irakurri aurretik.