Batzar Nagusiek eta IVAPek hizkuntza-normalizazioaren aldeko indarrak batu dituzte Arabako legebiltzarrean - www.jjggalava.eus
Albisteak
Batzar Nagusiek eta IVAPek hizkuntza-normalizazioaren aldeko indarrak batu dituzte Arabako legebiltzarrean
Batzar Nagusiek eta IVAPek hizkuntza-normalizazioaren aldeko indarrak batu dituzte Arabako legebiltzarrean
Irma Basterra Batzar Nagusietako lehendakariak eta Leire Corrales Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren erakunde autonomoa den Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren (IVAP) zuzendariak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur hizkuntza-prestakuntza eta normalizazioaren arloan.
Bi erakundeek indarrak batu dituzte Arabako ganberak bultzatu duen hizkuntza-normalkuntzarako eta euskararen erabilera sustatzeko prozesuan, duela urte erdi baino gehiago onartu baitzen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Estrategikoa. Izan ere, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legeak herritar guztiei aitortzen die euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea erakundeekiko harremanetan, eta, ondorioz, eskubide hori bermatzeko agintzen die herritar guztiei. Agindu hori Batzarren Erregelamendutik ere sortzen da.
Lankidetza-hitzarmen horri esker, IVAPek hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak eskaintzen dizkie Arabako Batzar Nagusiei hitzarmena indarrean dagoen bitartean, 2028ko urriaren 2ra arte.
"Legebiltzar honetako talde politikoek eta langileek konpromiso argia hartu genuen euskararekin: euskararen erabilera sendotzea eta hobetzea, herritarren, erabiltzaileen eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Hori ziurtatzeaz gain, euskaraz erosotasunez lan egitea eta eredu izatea bermatu nahi dugu. Urrats garrantzitsuak eman ditugu eta mantentzen jarraituko dugu", nabarmendu du Batzar Nagusietako presidenteak.
Bestalde, IVAPeko zuzendariak, Leire Corralesek, honako hau nabarmendu du:
“IVAPen lana herritarren eta gizartearen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzutea izanik, gure misioa da Euskal administrazio publikoen eraginkortasuna eta hobekuntza bultzatzea, besteak beste, herritarrari kalitatezko zerbitzu elebiduna eman ahal izateko.
Hitzarmen honek erakusten du erakundeen arteko lankidetza estrategia ezin hobea dela finkatutako helburuak lortzeko. Gaurkoan, Arabako Batzar Nagusiekin batera, euskaraz lan egiteko gaitasuna sendotzeko oinarria jarri dugu eta hizkuntza-kudeaketa entitatearen kudeaketa orokorraren zati bilakatzen lagundu dugu”.
Aurten Batzar Nagusietan lortu den mugarrietako bat Arabako Batzar Nagusien Hizkuntza Irizpideak onartzea izan da: Arabako Batzar Nagusien Hizkuntza Irizpideak. Besteak beste, irizpide horiek barne hartzen dute euskararen kudeaketa orokorra, lidergoa eta komunikazioa, euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntza izatea, erakundearen irudia, barne- eta kanpo-harremanak eta ekitaldi publikoak.
Onarpen hori funtsezko mugarria da Arabako legebiltzarreko hizkuntza-normalizazioan; izan ere, hizkuntzen erabilerarako jarraibide orokorrak ezartzen ditu.
Aurrerapauso honekin, Batzar Nagusiak aitzindariak dira eta hizkuntza-kudeaketa foru erakunde honen kudeaketa-sistema orokorrean integratu beharreko zeharkako alderdi gisa kontsakratzen dute.
Erabaki estrategikoa da herritarren eta batzarkide-taldeen hizkuntza-eskubideak babesteko eta betetzeko eta bi hizkuntzen arteko erabilera-berdintasuna lortzeko.
"Aurrerapen horrek agerian uzten du langileen eta arduradun politikoen inplikazioa; izan ere, hizkuntza-irizpide horiek hiru hilabete baino gutxiagoan onartu dira Euskararen Erabilera Normalizatzeko I. Plan Estrategikoa behin betiko onartu zenetik, eta horrek ere onartutako Ekintza Planaren ekintzetako bati erantzuten dio", nabarmendu du Irma Basterrak.