Ingurumen eta Hirigintza Batzordeak ireki du aste honetako Arabako Ganberaren agenda

Ingurumen eta Hirigintza Batzordeak ireki du aste honetako Arabako Ganberaren agenda

Ingurumen eta Hirigintzako batzordea
2022 aza. 28

Asteazkenean beste osoko bilkura bat egingo da, ostegunean abenduko gobernuaren kontrolerako saioa egin aurretik

Arabako legegintza-astea gaur goizean hasi da, Ingurumen eta Hirigintza batzordearen bilerarekin. Bertan, gai-zerrenda aldatu behar izan da, eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide-taldeak aurkeztutako bi mozio eztabaidatu dira. Alde batetik, lehenengoak Valderejoko Parke Naturalean ozono troposferikoak eragindako kutsaduraren aurkako neurriak hartzea eskatzen zuen, eta, bestetik, bigarrena Garoñako Zentral Nuklearra behin betiko ixteari, eraisteari eta pixkanaka energia nuklearra uzteari buruzkoa zen.

Bihar, asteartean, Foru Parlamentuan ohikoa den bezala, Mahaiaren asteroko bileraren txanda iritsiko da, eta asteazkenean beste osoko bilkura bat egingo da. Bertan, batzarkide taldeek proposatutako bost mozio eztabaidatuko dira. Hasteko, EH Bilduk egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako kontratuetan abusuzko klausulak egoteari buruzko eztabaida zabalduko du. Jarraian, EH Bilduk, Arabako Popularrek eta Elkarrekin Arabak (Podemos-Ezker Anitza-Equo) aurkeztutako hiru mozio, suteen aurka nekazaritza sektoreari laguntzeko neurriak hartzeari buruzkoak, pilatuta eztabaidatuko dira, eta, azkenik, Arabako Popularrak taldeak proposatuko du Aldundiari eskatzea kalte-ordaina eman diezaiola Sansoheta auzian sexu-abusuak jasan zituzten adingabeei.

Abenduaren 1ean, ostegunean, Arabako Parlamentuko osoko bilkuren aretoak, Probintziako Etxe-Jauregian kokatuta dagoenak, ateak irekiko ditu berriro, baina oraingoan gobernuaren kontroleko osoko bilkura hartzeko, abenduari dagokiona. Bertan, Arabako Foru Aldundiko kideek sei interpelazio eta hamar galderari erantzungo diete. Horietatik zazpi EH Bilduren ekimena dira, lau Arabako Popularrena eta gainerako bostak Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeak aurkeztu ditu. Diputatu nagusiak, bere aldetik, sei ekimeni erantzun beharko die, Lurralde Orekako foru diputatuak eta Gizarte Politiketako foru diputatuak hiruna ekimeni, eta Ekonomiaren Garapena, Berrikuntza eta Erronka Demografikoako; Bide Azpiegiturak eta Mugikortasunako; Nekazaritzako; eta Ingurumen eta Hirigintzako departamentuetako titularrek bana.

Astea amaitzeko, ostiralean bilduko da Ogasun, Finantza eta Aurrekontu batzordea, eta bertan gauzatuko dira 2023rako Arabako Lurralde Historikorako Aurrekontuen Foru Arauaren proiektuari alegazioak aurkeztu dizkioten herritarren agerraldiak.

Batzordeen eta osoko bilkuraren bilerak zuzenean jarraitu ahal izango dira Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.