Ingurumen eta Hirigintza batzordeak aste bizia ireki du Arabako Legebiltzarrean

Ingurumen eta Hirigintza batzordeak aste bizia ireki du Arabako Legebiltzarrean

Batzordeen aretoa
2022 mai. 23

Asteburuan, Batzar Nagusien agendan, alde batetik, ate irekien jardunaldiaren bigarren saioa izango da larunbatean, eta, bestetik, Lur Jarretako ohiko osoko bilkura igandean

Ingurumen eta Hirigintza batzordearen bilerak ireki du gaur goizean Arabako Legebiltzarraren aste honetako agenda. Bertan, arloko foru diputatu José Antonio Galerak Klima Araba 2050 estrategia eta estrategiaren prozesu parte-hartzailearen emaitzak aurkeztu ditu, Andoni Díaz karrerako funtzionarioaren aurka izapidetutako espedientean emandako pausoen berri eman aurretik. Azkenik, Urrunaga eta Goiain bisitatzea erabaki du batzordeak, inguruko herrietan bizi diren pertsonen egoera bertatik bertara ikusteko.

Foru Ganberan ohikoa denez, asteartean Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzarraren asteroko bileren txanda iritsiko da. Bilera horietan, besteak beste, ekainaren 1ean, asteazkenean, egingo den gobernuaren kontrolerako osoko bilkuraren gai-zerrenda erabakiko da, bai eta Arabako Batzar Nagusiek igande honetan, maiatzaren 29an, Armiñonen egingo duten Lur Jareetako ohiko bilkurarena ere.

Lehenago, asteazken honetan, Arabako Parlamentuko osoko bilkuren aretoan, Probintzia Etxe-Jauregian, beste osoko bilkura bat egin beharko da. Bilera horretan, batzarkide taldeek aurkeztutako lau mozio eztabaidatuko dira. Arabako Popularrak taldeak Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen laguntzen deialdien erregulazioa eta kudeaketa aldatzea eta/edo hobetzea, desgaitasuna duten pertsonen eremuan, eramango du osoko bilkurara; Elkarrekin Arabak (Podemos-Ezker Anitza-Equo) langile autonomoen PFEZari dagozkion zerga-itzulketak arintzea; eta EH Bilduk, berriz, Arrato Ureztatzaileen Erkidegoko planta fotovoltaikoak sortutako energia aprobetxatzea, eta Ukrainako gerrak eragindako krisi sozioekonomikoaren ondorioei aurre egiteko neurriak partekatzeko eta lankidetzan aritzeko lankidetza-batzorde iraunkor bat sortzea.

Ostegunean Gizarte Ongizateko batzordearen txanda izango da. Kideen aurrean Emilio Sola arloko foru diputatua agertuko da, GOFEko Langileen Batzordeak otsailaren 24an Gizarte Ongizateko batzordean egindako adierazpenak baloratzeko, eta Apdemak kudeatutako taldeko etxeetan edo etxebizitza lagunduetan 24 orduko zerbitzua ezartzeari buruzko informazioa emateko. Foru gobernuko kideak, gainera, taxi-zerbitzua garraiobide alternatibo gisa erabiltzeko laguntza-programaren funtzionamendua azalduko du, eta Etxean Bai foru plana aurkezten amaituko du. Gai-zerrenda ixteko, batzordekideek EH Bilduren mozioa eztabaidatuko dute. Mozio horren helburua da Foru Aldundiari eskatzea azterketa bat egin dezala Foru Aldundiaren tutoretza edo zaintza uzten duten eta osasun mentaleko arazoa duten gazteen beharrizan espezifikoei buruz.

Tradizioa asteburuan itzuliko da

Larunbatean, hilak 28, Arabako Batzar Nagusiek herritarrei ateak irekiko dizkiete berriro, nahi duenak, lurralde legegilearen egoitza ez ezik, bertan egiten den lana ere ezagut dezan. Horretarako, aldez aurretik izena eman beharko da 945176276 telefonoan edo erakundearen webgunean (www.jjjggalava.eus), baina bisita-egunean bertan ere eman ahal izango da izena.

Era berean, erakundearen agendak beste hitzordu bat izango du igandean, kasu honetan Armiñonen. Bertara joango dira prokuradoreak, Lur Jareetako ohiko osoko bilkura egiteko. Jendaurreko saio honetan Armiñongo alkateak eta Añanako Kuadrillako presidenteak ere parte hartuko dute, hitzorduaren anfitrioi gisa.

Batzordeen eta osoko bilkuraren bilerak zuzenean jarraitu ahal izango dira Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.