Arabako Batzar Nagusiek berriro aktibatuko dute Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana

Arabako Batzar Nagusiek berriro aktibatuko dute Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana

euskarak 354 egun
2023 aza. 30

Arabako Batzar Nagusiek berriro aktibatuko dute Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana 2024a hastearekin batera. Lehenengo urratsa diagnostikoa egitea izango da, jakiteko zein den erakundearen barruan euskararen erabilera eta presentzia. Horretarako, Idazkaritza Nagusiko talde teknikoak, Ganberako Lehendakaritzarekin koordinatuta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ezarritako jarraibideak izango ditu lagun; izan ere, sailburuordetza horrek Saregin tresna jarri berri du interesa duten administrazio publiko guztien eskura, normalizazio-planak egiten laguntzeko.

"Ganbera honek betetzeko zeukan konpromisoetako bat zen, eta, behin gure plana modu koordinatuan egituratu ahal izateko bidea irekita, hura lortzeko ahaleginak egingo ditugu. Arabako gizartea gero eta elebidunagoa da. Euskararen presentzia gero eta handiagoa da eguneroko bizitzan, lan-munduan eta herritarren eta erakundeen arteko harremanetan, eta administraziook, herritarren zerbitzura gaudenez, eredu izan behar dugu, eta errealitate berrietara egokitu eta eguneratu, azpimarratu du Batzar Nagusietako lehendakari Irma Basterrak.


 

Ildo horretan, eta Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, Batzar Nagusietako Mahaiko ordezkariek, Arabako parlamentuaren gobernu-organoa baita, berretsi egiten dute Batzar Nagusiek urteko 365 egunetan euskararekin duten konpromisoa. “Erakundeen lana ezinbestekoa da. Taldeena eta pertsona bakoitzarena balio handikoa da. Guztion artean gure hizkuntza ezagutzera eman dezakegu, baita erabili ere, eta, era berean, ikasten ari direnek erabil dezaten lagundu": horra hor lehendakariaren gonbita.