Emakumeak Arabako Batzar Nagusietan - www.jjggalava.eus
- Mediateka
- Agenda
- Bilkuren historikoa
Bilkurak
- Jarduera Orokorra
- Ekimenen laburpena
- Saioen laburpena
Estatistikak
- Historia
- Egoitza
- Memoriak
- Funtzio orokorrak
- Akta historikoak
Instituzioa
- Berdintasuna
- Kuadrillak
- Administrazio zerbitzuak
- Ganberaren erregelamendua
Funtzionamendua
Detalle
SARRERA HISTORIKOA 1979-1983
Lehen konstituziotik lehenengo foru hauteskundeak arte
1979ko urtarrilean, euskal foru-erakundeak itzultzen dituzten errege-dekretuak onartu ziren. Batzar Nagusiak, une horretan, Lurralde Historikoaren ordezkaritza-organotzat hartzen dira berriro, Foru Aldundiaren gobernuaren jarduna ikuskatzen duen organotzat, alegia.
Urte bereko maiatzean, demokrazian lehen aldiz, Arabako Batzar Nagusiak eratu ziren. Udal-hauteskundeekin batera, haren osaera demokratizatu egin zen, nahiz eta momento horretan ez zen zuzenekoa izango, Arabako udalerrietako zinegotziek prokuradoreak aukeratuko zituzten. Ganberako presidentea ahaldun nagusia bera izango zen, eta, aldi berean, Batzar Nagusietako eta Foru Aldundiko arduradun nagusia.
1980ko urtarrilean, Foru Ganberaren funtzionamendurako lehen Erregelamendua onartu zen, non botere betearazlearen (Foru Aldundia) eta arauemailearen (Batzar Nagusiak) banaketa ezartzen zen, eta hilabete geroago, Batzar Nagusietako presidentea ahaldun nagusia ez zen beste bat aukeratu zen. Arabako historia politiko, ekonomiko, sozial eta administratiboan aro berri bat hasi zen.
Arabako Lurralde Historikoko 1979ko udal-hauteskundeetako emaitzek 398 gizoni eta 21 emakumeri zinegotzi-aktak eman zizkieten udaletan. Horietatik sei UCDri zegozkien, bost EAJri, bi PSE-PSOEri eta gainerako zortziak tokiko hautagaitza independenteei.
Udalerrika, Vitoria-Gasteizek lau zinegotzi emakume izango lituzke osoko bilkuran: Asparrenak hiru, bina Laudiok eta Zanbranak, eta ordezkari bana Aguraingo, Aiarako, Kanpezuko, Lapuebla de Labarcako, Legutioko, Moreda Araba, Okondoko, Samaniegoko, Zalduondoko eta Zuiako udalek. Lurralde Historikoko 21 zinegotzi emakumeetatik zazpi Ermandadeko prokuradore hautatu ziren eta, beraz, Batzar Nagusietako kide izan ziren lehen legegintzaldi honetako Ganbera eratzeko osoko bilkuran.
Prokuradore emakumeak lehenengo legealdian (1979-1983)
Batzar Nagusien aro demokratiko berriaren lehen legealdiaren hasieran, osoko bilkura osatzen duten 56 prokuradoreetatik zazpi baino ez ziren emakumeak:
1979ko maiatzaren 7an kargua hartu zuten zazpi prokuradore emakumeetatik lau EAJkoak ziren, bat PSE-PSOEkoa, beste bat UCDkoa eta beste bat Gure Aukera Laudioko Udalerako hautagaitza independentekoa.
Ildo horretan, azpimarratzekoa da Arabako Foru Ganberako ordezkari guztien %12,5 soilik emakumeak izan arren, ehuneko hori gure inguruko legebiltzar-erakundeen artean altuena izan zela garai hartan. Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek %4,44 (90etik 4) eta %3,70 (81etik 3) lortu zituzten, hurrenez hurren; Eusko Legebiltzarrak 1980-1984 legealdian %5,33 (75etik 4); Diputatuen Kongresuak %6 (350etik 21) eratzeko legealdian eta %6,85 (350etik 24) 1979-1982an; eta Senatuak %2,41 (248tik 6) eratzeko legealdian eta %2,82 (213tik 6) 1979-1982an.
Lehenengo prokuradore emakumeak
Mª Lourdes Aburto Ascolizaga (Euskal Nazionalistak batzarkide-taldea) Vitoria-Gasteiz
Gasteizko Ermandadeak prokuradore hautatu zuen (demokraziako lehen legealdian, Gasteizko Udaleko 27 zinegotziak prokuradore bihurtu ziren automatikoki Batzar Nagusietan). 1979ko apirilaren 3ko hauteskundeetan hautatua izan ez zenez, Aburto Ascolizagak Juan María Ollora Ochoa de Aspuru ordezkatu zuen Euzko Alderdi Jeltzalearen ordezkari gisa, Udalbatza osatu aurretik.
Lanbidez ginekologoa, Arabako Batzar Nagusietako kide izan zen bigarren legealdian ere. 1984ko urriaren 26an José Ángel Cuerdaren lekua hartu zuen Euskal Nazionalistak batzarkide-taldean eta Bateraezintasunen Batzordeko buru ere izan zen. EAJren zatiketaren ondoren, Eusko Alkartasuna bihurtuko zen korrontean, 1986ko urriaren 26an Mistoa-Eusko Alkartasuna batzarkide-taldean sartu zen.
Mª Jesús Aguirre Uribe (Euskal Nazionalistak batzarkide-taldea) Vitoria-Gasteiz
Gasteizko Udaleko zinegotzi hautatu zuten lehenengo hauteskunde demokratikoetan (erakunde horretako kide zen 1974tik), eta Gasteizko Ermandadeak ere prokuradore egin zuen (demokraziako lehen legealdian Gasteizko Udaleko 27 zinegotziak Batzar Nagusietako osoko bilkuran zeuden). Arabako Parlamentuko kide izan zen lehen, seigarren, zazpigarren eta zortzigarren legealdietan, eta bigarren presidenteorde izendatu zuten azken bietan.
Gasteizko Udaleko zinegotzi gisa, alkateorde izendatu zuten 1979-1983 aldian, eta berriro 1987 eta 1991 artean. Halaber, 1983an lehenengo foru gobernukide emakumea izan zen Gizarte Ongizate eta Osasun Saila bere gain hartuta, eta 1997tik 1999ra bitarte arlo horren ardura hartu zuen berriro. 1995etik 1997ra bitartean Diputatuen Kongresuko diputatu izan zen. 2016ko azaroaren 18an hil zen.
Mª Jesús López de Vergara Berriozábal (Euskal Nazionalistak batzarkide-taldea) Aramaio
Legutioko (Villarreal de Álava) udalean Euzko Alderdi Jeltzaleko zinegotzia izan zen, eta Aramaioko Ermandadeak prokuradore izendatu zuen. Bere udala izen bereko udalerria bazala, ermandade horren parte zen.
Basaurin bizi zen ezkondu ondoren, eta dastatze-denda bat ireki zuen Bizkaiko udalerrian. Urte batzuk geroago, Legutioko Sandurdi auzoko bere jaiotetxera bueltatu zen bizitzera.
Rosario Muela Velasco (UCD batzarkide-taldea) Vitoria-Gasteiz
Gasteizko Ermandadearen prokuradorea, Unión de Centro Democraticotik Gasteizko Udaleko zinegotzi hautatua izan zen (demokraziako lehen legealdian Gasteizko Udaleko 27 zinegotziak Batzar Nagusietako osoko bilkuran zeuden). 1980ko apirilaren 1ean, Gizarte Laguntza eta Ongizate Batzordeko presidente izendatu zuten.
1981eko otsailaren 23an, zinegotzi-aktari uko egin zion, eta, beraz, prokuradore izateari ere bai. Urte bereko martxoaren 25ean, Mª Ángeles Tauste Garcíak ordezkatu zuen. Politikatik atera baino hilabete batzuk lehenago, 1980ko irailaren 29an, senarra, José Ignacio Ustaran Ramírez ingeniari tekniko gasteiztarra eta Unión de Centro Democraticako batzorde betearazle probintzialeko kidea hil zuen ETAk, Arabako hiriburuan zuen etxetik eraman ondoren. Hilketaren ondoren, bera eta bere seme-alabak Sevillara joan ziren bizitzera.
Cristina Valverde Ibañez (Batzarkide-talde sozialista) Vitoria-Gasteiz)
Euskadiko Alderdi Sozialistaren eskutik Gasteizko Udaleko zinegotzi hautatua, Batzar Nagusietan ere parte hartu zuen (demokraziako lehen legealdian, Gasteizko Udaleko 27 zinegotziak Batzar Nagusietako osoko bilkurako kide ziren), eta Hezkuntza eta Kultura batzordeko presidente izendatu zuten.
1980ko irailaren 22an, zinegotzi-aktari uko egin zion, eta, beraz, prokuradore izateari ere. Uko egite hori azaroaren 30ean gauzatu zen, Augusto Borderas Gaztanbidek ordezkatu zuenean.
1952an jaioa, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakaslea izan zen Gasteizen, eta UGT sindikatuko kidea, baita Derecho a Vivir Dignamente Fundazioaren koordinatzailea ere Araban.
Mª Mercedes Villacián Peñalosa (Euskal Nazionalistak batzarkide-taldea) Vitoria-Gasteiz
Eusko Alderdi Jeltzalearen eskutik Gasteizko Ermandadeak prokuradore hautatua (demokraziako lehen legealdian Gasteizko Udaleko 27 zinegotziak Batzar Nagusietako prokuradore bihurtu ziren automatikoki), lehen legealdian Hezkuntza eta Kultura batzordeko kide izan zen.
Legealdi batean Diputatuen Kongresuan diputatu eta legebiltzarkide izan ondoren, Arabako Batzar Nagusietara itzuli zen, Eusko Alkartasuna alderditik 1987ko hauteskundeetan prokuradore hautatua izan zenean. 1989ko abenduaren 27ra arte, egun horretan aurkeztu baitzuen uko egitea, Laguntza eta Gizarte Ongizateko, Foru Planeko eta Toki Erakundeetako, eta Barne Araudi eta Gobernuko batzordeetan parte hartu zuen.
Filosofia eta Letretan lizentziatua, bere jaioterriko (Gasteiz) hainbat institututan aritu zen irakaskuntzan profesionalki. 1979an, gainera, Gasteizko Udal Aurrezki Kutxako presidente aukeratu zuten, eta Estatuko finantza-erakunde bateko presidente izendatutako lehen emakumea izan zen. 2002ko abuztuaren 20an hil zen, 67 urte zituela.
Begoña Zunzarren Irigoyen (Misto batzarkide-taldea) Laudio
Gure Aukera hautagaitza independentearen bidez Laudioko Udaleko zinegotzi kargua hartu ondoren, izen bereko Ermandadeko prokuradore izendatu zuten, eta Arabako Batzar Nagusietako kide izan zen urtebete eskasean. 1980ko uztailaren 31n uko egin zion, “kasu honetara kontatzea ez datozen arrazoi pertsonal eta politikoengatik”, berak Ganberako presidenteari bidalitako idazkian adierazi zuenez.
Hiru prokuradore gehiago lehen legealdi hartan
Milagros Gobantes García (Batzarkide-talde sozialista) Vitoria-Gasteiz
1981eko azaroaren 29an hartu zuen kargua, Angel José Gavilán Arganda Euskadiko Alderdi Sozialistak Gasteizko Udaleko zinegotzi, eta, beraz, Gasteizko Ermandadeko prokuradore izateari utzi ondoren. 1980an, Eusko Legebiltzarrerako lehen hauteskundeetarako PSE-PSOEren hauteskunde-zerrendan ere egon zen.
Begoña Rebuelta Castresana (Euskal Nazionalistak batzarkide-taldea) Amurrio
1982ko otsailaren 12an Amurrioko Ermandadearen prokuradore kargua hartu zuen, aurreko urteko azaroan Victoriano Urrutia Cruzek, zinegotzi kargua utzi zuenak, kargu hori ere utzi ondoren (“Batzar horietan bere agintaldia betetzeko funtsezko baldintza baitzen”).
1984ko maiatzaren 27an Edorta Gaizka Gancedo Gorbearen ordez Arabako Batzar Nagusietara itzuli ondoren, bigarren legealdian Arabako Ganberako osoko bilkuran lehen emakumea izan zen. Agintaldi horretan, Mahaiko lehen presidenteorde izan zen, eta Hezkuntza eta Kultura eta Bateraezintasunen batzordeetan ere parte hartu zuen. 1991n berriro prokuradore hautatu zuten, eta laugarren legealdi hartan Foru Planaren, Toki Erakundeen eta Hirigintzaren batzordeko buru izan zen, eta Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu, eta Kultura eta Kirol batzordeetako kide ere izan zen.
Amurrion jaio zen 1944an, eta Barakaldon hil zen 2009ko irailaren 6an. Batzar Nagusiak utzi ondoren, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde zenak idazkari izendatu zuen. Kargu horri eutsi zion 1999an Ibarretxe lehendakari hautatu zutenean, baita 2009ko maiatzean Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua utzi ondoren ere.
Mª Ángeles Tauste García (UCD batzarkide-taldea) Vitoria-Gasteiz
Gasteizko Ermandadearen prokuradore kargua hartu zuen legealdi hau hasi zuen beste emakume bat, Rosario Muela Velasco, Arabako hiriburuko Udalean zinegotzi eta prokuradore karguetan ordezkatuz. Arabako Batzar Nagusietako kide izan zen urte eta erdi eskas, 1982ko azaroaren 7an eserlekuari uko egin baitzion. Egun batzuk lehenago, urriaren 28an, Senaturako hautagai izan zen CDStik, baina ez zen hautatua izan. 1987-1991 legealdian, Gasteizko Udaleko Gizarte Ongizate eta Osasun Institutuko gobernu-batzordean aritu zen, CDS udal-taldearen ordezkari gisa.
BATZAR NAGUSIETARAKO LEHENENGO HAUTESKUNDEAK (1983)
1983ko martxoaren 10ean, Arabako Foru Probintziako Aldizkari Ofizialak Batzar Nagusietarako lehen zuzeneko hauteskundeak deitzen zituen dekretua argitaratu zuen, aurreko egunean Emilio Guevara Saleta orduko Arabako ahaldun nagusiak sinatua, Eusko Legebiltzarrean onartutako Batzar Nagusietarako Hauteskundeei buruzko martxoaren 7ko 4/1983 Legean xedatutakoaren arabera. Hauteskunde-hitzordua urte horretako maiatzaren 8an izango zen.
Hirurogei egun geroago, Batzar Nagusietarako lehenengo hauteskundeak egin ziren Araban, eta 31 hautagai-zerrenda aurkeztu ziren guztira, garai hartako zazpi barrutien artean banatuta. Horietatik guztietatik, hautagaitza bakarrak, Laudioko independentea zen Gure Aukerak, emakume bat zuen buruan.
Alderdiek 302 hautagai aurkeztu zituzten Ganberako 51 eserlekuetako bat eskuratzeko; horietatik 251 gizonezkoak ziren eta 51 emakumezkoak (% 16,89).
Lehenengo hauteskundeen ondoren (1983-1987)
1983ko maiatzaren 8ko Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeen ondoren, Euzko Alderdi Jeltzaleak 23 eserleku lortu zituen, Euskadiko Alderdi Sozialistak 14, Aliantza Popularrak bederatzi, Herri Batasunak lau eta Euskadiko Ezkerrak ordezkari bakarra, horietako inor ez zelarik emakumea. Arabako bigarren leealdia gizonez osatutako osoko bilkurarekin hasi zen.
Hauteskundeetan ordezkaritza lortu zuten bost alderdietatik lauk aurkeztu zuten ahaldun nagusi izateko hautagaitza, guztiak ere gizonezkoak: Juan Mª Ollora Ochoa de Aspuru (EAJ-PNV), Alfonso Martínez Pérez (PSE-PSOE), José Nasarre de Letosa Conde (AP-PDP-UL) eta José Mª Salbidegoitia (Euskadiko Ezkerra).
Hauteskundeak egin zirenetik urtebete baino gehiago itxaron behar izan zen emakume bat Arabako Ganberan parte hartzen ikusteko. Begoña Rebuelta Castresana (Euskal Nazionalistak batzarkide-taldea) 1984ko maiatzaren 27an sartu zen legegilean, Edorta Gaizka Gancedo Gorbearen ordez, Aiarako Kuadrillako prokuradore gisa. Urte bereko urriaren 26an, Mª Lourdes Aburto Ascolizagak (Euskal Nazionalistak batzarkide-taldea) José Angel Cuerda Montoya ordezkatu zuen Gasteizko Koadrilako prokuradore gisa, eta 1986ko urtarrilaren 28an Casimira González Amadok (batzarkide-talde sozialista) bete zuen Julio Abengozar Oviedok utzitako hutsunea.
PROKURADORE EMAKUMEAK DEMOKRAZIAREN 40 URTE HAUETAN
Batzarkide emakumeak
Arabako herritarrek Arabako Batzar Nagusietako prokuradoreak aukeratu dituzten emakumeen kopuruak bilakaera izan du urteak pasata. 1983. urtean osoko bilkura gizon batzarkideek besterik ez zuten osatu, eta hamaikagarren legealdi honen hasieran batzarkideen, bastalde, %55 emakumeak izan ziren (28 emakume eta 23 gizon).
Bederatzigarren legealdian, 2011. urtean hasiko zena, 26 prokuradore emakumek hasi zuten agintaldia, lehen aldiz gizonen kopurua gainditu zuten Arabako Batzar Nagusiak eratzeko osoko bilkuran.
Eta ez da prokuradoreen artean emakumeen kopurua legealdietan zehar aldatu den gauza bakarra. Arabako emakume prokuradoreek Ganberan egiten duten jarduerak ere nabarmen egin du. Mercedes Villacián Peñalosa (Eusko Alkartasuna), adibidez, foru gobernuari interpelazio bat aurkeztu zion lehen batzarkide emakumea izan zen, eta gertaera hori ez zen 1987ko azaroaren 26ra arte gertatu. Ahaldun nagusiari zuzendutako ekimen hori Gasteizko Iparraldeko 32 poligonoan irakaskuntza elebiduneko BBBko zentro bat eraikitzeko aukerari buruzkoa zen. Legealdi berean, bi prokuradore emakume gehiago izan ziren interpelazio bana aurkeztu zutenak: Begoña Anguiano Alfonso (Euskadiko Ezkerra) eta Puy Lamo García (Eusko Alkartasuna).
Foru gobernuko kideek osoko bilkuraren aurrean erantzun behar dituzten galderei dagokienez, seigarren legealdira arte (1999-2003) prokuradore emakume bakar bat ere ez zen egilea izan.
Mahaia, zuzendaritza- eta ordezkaritza-organoa
1984ko abenduaren 20an Begoña Rebuelta Castresana (Euskal Nazionalistak batzarkide-taldea) Arabako Batzar Nagusietako Mahaiko kide izendatu zuten lehen emakumea izan zen. Zuzendaritza- eta ordezkaritza-organo horren osaera Ganberaren araudi berrira egokitu zen orduan, eta presidenteordetza bakarra izatetik bi izatera igaro zen. Rebuelta lehen presidenteorde hautatu zuten.
2003an, lehen aldiz, Arabako Foru Legebiltzarreko Mahaiak emakume gehiago izan zituen gizonezko baino, eta honako prokuradore hauek hartu zituzten ardura horiek:
- Presidentea: María Teresa Rodríguez Barahona (batzarkide-talde sozialista)
- Lehen presidenteordea: Laura Garrido Knörr (PP batzarkide-taldea). Ana Morales Peralek ordezkatu zuen 2006ko urriaren 16an.
- Bigarren presidenteordea: María Jesús Aguirre Uribe (EAJ batzarkide-taldea)
- Idazkaria: Eva María Jiménez Alcudia (batzarkide-talde sozialista)
Batzarkide-taldeen ahotsa
1997ko urtarrilaren 14ra arte ez zen batzarkide-talde baten bozeramaile emakume izendatu. Une hartan aurreko titularra zen José Miguel Merino Torrensek dimisioa eman ondoren, Mª del Rosario González Benedito Ezker Batua batzarkide-taldearen bozeramaile izendatu zuten. Urte batzuk geroago, 2008an, batzarkide-talde bereko Nerea Gálvez Lavínek ere José Miguel Fernández López de Uralde ordezkatu zuen legealdiaren erdian, Misto batzarkide-taldearen bozeramaile kargua utzi ondoren.
Bederatzigarren legealdian, 2011. urtean, lehen aldiz, Arabako Ganberak emakume bozeramaileak izan zituen bost batzarkide-taldetatik hirutan legealdiaren hasieratik:
- Ana Morales Peral, batzarkide-talde popularra
- María Cristina González Calvar, batzarkide-talde sozialista
- Nerea Gálvez Lavín, Ezker Batua batzarkide-taldea
Batzordeen buru
1980ko apirilaren 1ean, Rosario Muela Velasco (UCD batzarkide-taldea) Eusko Alderdi Jeltzaleko eta Euskadiko Alderdi Sozialistako batzarkide-taldeetako ordezkarien babesarekin, Asistentzia eta Gizarte Ongizaterako batzordeko presidente izendatu zuten. Ordura arte, Nekazaritza batzordea bakarrik eratu zen, gizon bat buru zela, baina lehen legealdi horretan osatu ziren zortzi batzordeetatik bi emakumeak izan ziren buru, Hezkuntza eta Kulturakoa ere prokuradore emakume bat izan baitzuen buru: Cristina Valverde Ibañez (Euskal Sozialistak batzarkide-taldea).
2015ean, hamargarren legealdian, ordea, agintaldiaren hasieran sortutako hamaika batzordeetatik zazpi emakumeak zituezten buruan:
- Lehendakaritza, berdintasuna eta giza eskubideak: Ainhoa Campo Arenaza (EAJko batzarkide-taldea)
- Enplegua, merkataritza eta turismoa sustapena eta foru administrazioa: Eva María Jiménez Alcudia (Euskal Sozialistak batzarkide-taldea)
- Euskara, Kultura eta Kirola: Joana Egiluz Ibarguen (EAJko batzarkide-taldea)
- Ingurumena eta Hirigintza: Ana Isabel Salazar Aguayo (PPko batzarkide-taldea)
- Gizarte Ongizatea: María del Mar Roldán Meléndez (Podemos batzarkide-taldea)
- Nekazaritza: Maria del Mar Roldán Meléndez (Podemos batzarkide-taldea)
- Bateraezintasunak: Eva María Jiménez Alcudia (Euskal Sozialistak batzarkide-taldea)
Ganberako buruan
1999an, seigarren legealdiaren hasieran, Arabako Batzar Nagusiek emakume bat hautatu zuten buru. Urte horretako uztailaren 6an, Xesqui Castañer López (Euskal Sozialistak batzarkide-taldea) lehen presidentea bihurtu zen, bozketa 26 botorekin irabazita, Juan José Ochoa de Eribe (Euzko Abertzaleak batzarkide-taldea) hamabost botorekin alderatuta eta José Vicente Cos Villegas (Ezker Batua batzarkide-taldea), bi boto.
Lehenago, 1986an, Begoña Rebuelta Castresana (Euskal Nazionalistak batzarkide-taldea) jarduneko presidente izango zen ordu gutxi batzuk besterik ez, Francisco José Ormazabalek dimisioa eman ondoren.
1995. urtean, Mª del Rosario González Benedito (Ezker Batua batzarkide-taldea) izan zen Batzar Nagusietako presidente izateko lehen hautagai emakumea, baina hiru boto baino ez zituen lortu, eta azkenean presidente hautatu zuten José Manuel López de Juan Abad (Euzko Abertzaleak batzarkide-taldea).
Beste presidente emakume bat
2003ko ekainaren 13an, Euskal Sozialistak batzarkide-taldeko Mª Teresa Rodríguez Barahona hautatu zuten Arabako Batzar Nagusietako presidente, eta bozketak hark hiru emakume hautagai izan zituen:
Emandako botoak |
51 |
María Teresa Rodríguez Barahona |
29 |
María Jesús Aguirre |
19 |
Arantzazu Basagoiti Azpitarte |
3 |
BERDINTASUNAREN ALDEKO LANA
Bederatzigarren legealdian, 2011. urtean, Arabako Batzar Nagusiek berdintasun-batzorde bat sortu zuten lehen aldiz, berdintasun-politikei buruzko gai guztiak zeharka aztertzeko. Ordura arte, sektore-batzordeetan eztabaidatzen ziren esparru horrekin zehazki lotutako gaiak.
Urte batzuk lehenago, 1995ean, Arabako Ganbera aitzindaria izan zen arlo horretan, Legebiltzarrean ponentzia bat sortu baitzuen emakumearen ekintza positiboko foru planari buruz.
Alde horretatik, Arabako Batzar Nagusiek hainbat hamarkada daramatzate berdintasunarekin lotutako gaiak lantzen, ikuspegi askotatik. Horrela, laugarren legealdian, Yogoslavia ohian gertatutako emakumeen bortxaketak gerra-taktika gisa gaitzesteko lehen adierazpen instituzionalaz gain, osoko bilkurak abenduaren 2ko 50/1992 Foru Araua onartu zuen, erasoen biktima diren emakumeei laguntza psikologikoa emateko programa garatzeko sinatu beharreko lankidetza-hitzarmena berrestekoa. Ordutik hona, asko izan dira martxoaren 8ko edo azaroaren 25eko nazioarteko egunetan onartutako adierazpen instituzionalak, bai eta beste data askotan ere, emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko, emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpen gaitzesteko, 2000. urtean emakumeen munduko martxarekin bat egiteko edo indarkeria matxistako erasoak edo eremu horretan egindako hilketak irmo gaitzesteko. Nabarmentzekoa da, halaber, Galizia, Asturias, Andaluzia eta Euskadiko parlamentuetako lehendakariek eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteek, gerora Madrilgo Batzarreko presidenteak ere bat egin zuen, guztiak emakumeak, genero-berdintasunari buruz elkarrekin sinatutako adierazpena, 2006an.
Bestalde, Arabako Ganberak, berdintasun eraginkorra lortzeko beharraz kontzientziatzeko, hainbat ekimen jarri ditu abian azken urteotan, lehen aipatutako bi daten aurreko eta ondorengo egunetan. Ekintzen artean, egoitzaren fatxada nagusian puntu lila eta Emakumeen aurkako indarkeriari ez/No a la violencia contra las mujeres leloarekin lona bat jartzea, egoitza horretako apaindura-argiztapenean kolore morea txertatzea edo Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin batera egindako elkarretaratze publikoen deialdiak, emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko helburuarekin, daukagu.
Arabako Batzar Nagusien legebiltzar-jarduerari dagokionez, azken bi legealdietan (2015-2019 eta 2019-2023) hamaika mozio eta beste hainbeste adierazpen institucional onartu dira emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotuta. Era berean, hamar agerraldi egin dira Batzar Nagusietako batzordeetan, berdintasunaren esparruan.
2022ko maiatzean, halaber, Arabako Batzar Nagusiek Arabako Foru Legebiltzarraren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lehen Plana onartu zuten.
FORU ALDUNDIA, ARABAKO GOBERNUA
1983an, Mª Jesús Aguirre Uribe (Euzko Alderdi Jeltzalea) Foru Gobernuko lehen emakume eta emakume bakarra izendatu zuten. Juan Mª Ollora Ochoa de Aspuru diputatu nagusiak izendatu zuen Gizarte Ongizate eta Osasuneko foru diputatu. 1995-1999 legealdian karguan errepikatu zuen, 1997an Jesús Loza Aguirre ordezkatuz.
1991n beste emakume batek Diputatuen Kontseiluan parte hartu zuen berriro. Mª Teresa Rodríguez Barahona (Euskadiko Alderdi Sozialista) Lehendakaritzako foru diputatu izendatu zuten Alberto Ansola Maiztegik zuzendutako gobernuan.
Bosgarren eta seigarren legealdietan (1995-1999 eta 1999-2003) foru diputatu bana sartu zen gobernuan, zazpigarrenean beste bi eta zortzigarrenean bat gehiago, hiru guztira.
2011n lau foru diputatu emakumek partekatu zuten Gobernu Kontseilua bost gizonarekin, X. legealdian (2015) Kontseiluak ere bost gizon eta lau emakume izan zituen, eta 2019an lehen aldiz Foru Aldundiaren gobernuak benetako parekotasuna lortu zuen, bost foru diputatu emakume izendatu baitzituzten kargurako, hau da, gizonen kopuru bera.
Egilea:
Mikel Martínez de San Vicente, Komunikazio eta Protokolo Zerbitzuaren arduraduna
Informazio-iturriak:
Arabako Batzar Nagusietako legealdien memoriak
Arabako Batzar Nagusietako aktak
https://www.euskadi.eus/elecciones
http://www.juntaelectoralcentral.es
Arabako Lurralde Historikoko Udalak