Arabako kontzejuak arautzen dituen araudia bateratu eta berritu du Arabako legebiltzarrak

Arabako kontzejuak arautzen dituen araudia bateratu eta berritu du Arabako legebiltzarrak

pleno
2026 uzt. 10


Batzar Nagusien osoko bilkurak Arabako Lurralde Historikoko Kontzejuen Foru Arau berria onartu du gaur EAJ-PNV, PSE-EE, PP, Elkarrekin Araba eta Mistoa-Vox taldeen aldeko botoekin eta EH Bildu Araba taldearen kontrako botoarekin. Arau horrek XXI. mendera eguneratzen du 30 urtetik gorako indarraldia duen nomatiba. Onarpen hori mugarri bat da Arabako lurraldearen egituraketan.


Arabako Lurralde Historikoko kontzejuak lurralde osoan presentzia duten toki-erakundeak dira, mendeetan zehar beren errotze eta existentziari eutsi diotenak; gaur egun, 333 dira Araban dauden kontzeju-erakundeak.

Arabako kontzejuak arau juridiko tradizionalen eta idatzi gabekoen bidez arautu izan dira, baita beren usadio eta ohituren bidez ere. Hala ere, 1979an Euskal Herriko Autonomia Estatutua onartu zenean – lurralde historikoei eman zien toki-araubidearen arloko eskumen esklusiboa –, Arabako Batzar Nagusiek funtsezko bi foru-arau onartu zituzten Arabako kontzejuen araubide juridiko-administratiborako.

Batetik, 1984ko uztailaren 30eko Foru Araua, Arabako Lurralde Historikoko Kontzejuetako Erregidoreak eta Bokalak Hautatzekoa, eta, bestetik, martxoaren 20ko 11/1995 Foru Araua, Arabako Lurralde Historikoko Kontzejuei buruzkoa. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak (ETEL) toki-erakunde gisa aitortu zituen Arabako kontzejuak; gaur egun, aitorpen hori indartu egiten da arau honen bidez.

Bi arau horiek hogeita hamar urtez baino gehiagoz indarrean egon ondoren, eta arau horiek XXI. mendeko errealitatera egokitzeko asmoz, Arabako legebiltzarrak bi arauak berrikusi eta bateratu ditu, ganbera honetako bi txostenen ondorioen azterketa zehatzaren emaitza gisa. Txosten horietan, tokiko erakunde-sarearen beraren ordezkariek, ACOVI, ACOA eta UAGA elkarteek, Arabako Foru Aldundiko Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamendu Saileko arduradunek, gaian adituak diren pertsonek eta prozesu osoa gainbegiratu duten Arabako ganberako zerbitzu juridikoek hartu dute parte.

Arau berriak zortzi titulu, lau xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, bost xedapen indargabetzaile eta azken xedapen bat ditu.

Lehenengo titulua xedapen orokorrak ezartzeari buruzkoa da. Bertan, kontzejutzat zer hartzen den definitzen da, haren lurralde-, biztanleria- eta antolaketa-elementuak ezartzen dira, eta lurraldeko toki-erakundea dela aitortzen da.
Bigarren tituluak kontzejuaren ahalak eta eskumenak ezartzen ditu.

Hirugarren tituluak kontzeju-karguen – lehendakaritza eta bokalak – hauteskunde-araubidea arautzen du, zenbait berrikuntzarekin, hala nola biztanle gehiagoko kontzejuetako bokal-kopurua mugatzea edo kudeaketa-batzordeen izendapena, eraketa eta funtzionamendua arautzea.

Laugarren titulua da luzeena, eta kontzejuaren araubide organikoa eta funtzionamendukoa jorratzen du. Hainbat kapitulutan banatzen da; lehenengoak lehendik zeuden bi antolamendu-barietateei eusten die (kontzeju irekia eta itxia). Bigarren kapituluak, berriz, atalez atal zatituta, kontzeju-organoen (lehendakaritza, bokalak, auzo-batzarra) eskurantzak arautzen ditu, eta, berritasun gisa, kontzeju-kargudunen ordainsarien, bertaratzeen, kalte-ordainen eta eskubideen sistema arautzen du lehen aldiz. Era berean, “fiel de fechos” figura, izaera, hautaketa eta funtzioak arautzen ditu. Kapitulu honetan beste berrikuntza garrantzitsu bat ere jorratzen da: presidentearen aurkako zentsura-mozioaren sarrera, zeina, nolanahi ere, hautagaitza alternatiboaren bidez formalizatu behar den. Titulua osatzeko, kontzejuaren funtzionamendu-araubidea eta araubide juridikoa arautzen dira, bai eta gehiengoen araubidea ere.

Bosgarren tituluak, Kontzejuaren Ogasunari buruzkoak, haren osaera adierazten du, eta, berrikuntza garrantzitsu gisa, Gobernu Onaren Behaketa Organoa sartzen du. Organo horren helburua izango da kontzejuaren jarduera ekonomikoa eta tekniko-juridikoa egiaztatzea, hala eskatzen zaionean.

Seigarren tituluak, Ondasunen Erregimenari buruzkoak, herri-aprobetxamenduak eta luberritzeak esleitzeko eskatzen diren errotze-baldintzen tradizioari eusten dio, onuradun izateko gutxieneko antzinatasuna urtebetetik bi urtera igoz, eta egur-zorteetarako urtebeteko antzinatasuna mantenduz. Foguera- eta bizikidetza-unitatea mantentzen du onuradun gisa, eta, gainera, bidezidorraren kontzeptua definitzen du eta zabal arautzen du, aurreko arauan ez bezala.

Zazpigarren tituluak beste toki-erakunde batzuekiko harremanak arautzen ditu, bai eta udalerrien eta kontzejuen artean sortzen diren eskumen-gatazkak ere.

Zortzigarren tituluak kontzejuen eraketa, aldaketa eta desegitea arautzen ditu. Tradizio historikoa errespetatuz, kontzeju berriak sortzea baimentzen da, eta kontzejuak aldatzeko eta desegiteko prozedurak xehetasunez arautzen dira, bai eta, hala badagokio, desegindako erakundeen ondasunen oinordetza-araubidea ere.

Foru Araua ALHAO