Gizarte politiketako foru diputatua batzordean agertuko da astelehenean

Gizarte politiketako foru diputatua batzordean agertuko da astelehenean

Batzordeen aretoa
2020 abe. 11

Horrez gain, asteazkenean osoko bilkurak beste saio bat egingo du, eta, besteak beste, pandemiaren ondorioei aurre egiteko neurriei buruzko zerga premiazko araugintzako dekretu berri bat jorratuko du

Datorren astelehenean, Gizarte Ongizateko batzordeko kideak Emilio Sola foru diputatuaren agerraldietara joango dira Arabako Popularrak batzarkide taldeak aurkeztutako mozio bat eztabaidatu aurretik, Pertsonal Laguntzailearen Prestazioa LGSrekin parekatzea eskatzeko. Hasteko, foru gobernuko kideak Arabako Popularrak eta EH Bildu batzarkide taldeei erantzungo die Gasteizko Udalarekin San Prudentzio egoitza eskualdatzeko izandako elkarrizketei buruz, Zorroari buruzko Dekretua betez, bai eta San Prudentzio egoitzaren zuzendaritza, kontrola eta kudeaketa bere gain hartzeko aurreikusitako egutegiari buruz ere. Jarraian, EH Bildu, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeek eskatuta, foru diputatuak mendekotasun-balorazioetan izandako atzerapenen arrazoien berri emango du, baita egoera hori zuzentzeko abian jarritako edo aurreikusitako irtenbideen berri ere, bai eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen antolaketa-egoeraren berri ere. Bere azken agerraldian, oraingoan berak eskatuta, Emilio Solak Mahaiak Bizitza Independentearen aldeko ereduen inguruan egindako azken dokumentua aurkeztuko du.

Ohi bezala, asteartean Mahaiaren asteroko bilera egingo dute eta, asteazkenean, Arabako Batzar Nagusiek beste osoko bilkura bat egingo dute Probintzia Jauregian. Bileran, lehenik eta behin, Foru Gobernuaren Kontseiluaren abenduaren 1eko 14/2020 Zerga Premiazko Dekretu Arauemailea baliozkotzea edo indargabetzea eztabaidatuko da. Dekretu horren bidez, 2021erako zerga-neurriak onartuko dira, Covid-19k eragindako pandemiaren ondorioak arintzeko. Jarraian, prokuradoreek Zainduz Araba Planari buruz Arabako Popularrak batzarkide taldeak aurkeztutako mozioa eztabaidatuko dute.

Ondoren, gai-zerrendako bosgarren eta seigarren gaiak pilatuta eztabaidatuko dira. Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) eta EH Bildu batzarkide taldeek aurkeztutako mozioak dira, Armentia-2 izeneko gas-putzua suspertzeko asmoaren harira. Osoko bilkura amaitzeko, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeak  mozio berri bat eramango du Ganberara, Arabaren lehentasunetako bat izan dadin, EBko funtsei aurkeztu beharreko proiektu traktoreen artean, Aiarako bailarako suspertze sozio-ekonomikorako proiektu bat.

Ostegunean, abenduaren 17an, Lurralde Orekaren Batzordea bilduko da, eta bertan eztabaidatuko da Arabako Popularrak batzarkide taldeak aurkeztutako mozioa, positibo gehien ematen duten udalerrietan PCR probak egingo dituzten instalazioak martxan jartzeko. Ostiraleko agendan, berriz, ziur aski Nekazaritza Batzordearen beste deialdi bat egingo da.

Batzordeen bilerak eta osoko bilkura streaming bidez jarraitu ahal izango dira Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.