Diputatu nagusiak eta bi gobernukokidek agerraldia egingo dute aste honetan batzordean - www.jjggalava.eus
- Mediateka
- Agenda
- Bilkuren historikoa
Bilkurak
- Jarduera Orokorra
- Ekimenen laburpena
- Saioen laburpena
Estatistikak
- Historia
- Egoitza
- Memoriak
- Funtzio orokorrak
- Akta historikoak
Instituzioa
- Berdintasuna
- Kuadrillak
- Administrazio zerbitzuak
- Ganberaren erregelamendua
Funtzionamendua
Albisteak
Diputatu nagusiak eta bi gobernukokidek agerraldia egingo dute aste honetan batzordean
Horrez gain, UAGAko, Kolonbiako Errefuxiatuen Elkarteko eta Tubacex eta Aernnova empresa-batzordeen ordezkariek agerraldia egingo dute, eta asteazkenean Arabako parlamentuak kontrolerako osoko bilkura berria izango du
Gaur goizean bertan Nekazaritza batzordeak egindako bileraren ostean, aste honetan Arabako Batzar Nagusien egoitzan izango dira diputatu nagusia eta Nekazaritza eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioko foru diputatuak, UAGA, Kolonbiako Errefuxiatuen Elkartea eta Tubacex eta Aernnova empresa-batzordeeno ordezkariak. Halaber, hileko lehen asteazkenero bezala, osoko bilkurak gobernua kontrolatzeko beste saio bat egingo du.
Gaur goizean, Nekazaritza Batzordeko kideak Eduardo Aguinaco foru diputatuaren bi agerralditan izan dira, biak Arabako Popularak batzarkide taldeak eskatuta. Alde batetik, Arabako zenbait udalerritan hegazti-influenzaren arrisku handia/ertainaren deklarazioari buruzko informazioa eman du, eta baita Aramaion mingain urdinaren birusaren 8. Serotipoari buruz ere; bestetik, otsoa babes bereziko erregimenean dauden basa-espezieen zerrendan sartzeari eta Arabako abeltzaintza-sektoreari eragingo liokeen kalteari buruz ere hitz egin du. Aurretik, Arabako Nekazaritza eta Abeltzaintza Elkarteko presidentea izan zen azken gai honen inguruan bere ikuspegia eman zuena.
Ohi bezala, bihar, asteartean, Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen asteroko bilerak izango dira. Asteazkenean, hilaren lehen astero bezala, Arabako Batzar Nagusiek foru gobernuaren kontrolerako osoko bilkura egingo dute Probintzia Jauregian, eta foru diputatuek batzarkideek egindako sei interpelazio eta zortzi galderari erantzun beharko diete.
Hasteko, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak hiru interpelaziori eta galdera bati erantzungo die. Lehenik eta behin, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeak galdetuko dio Arabako Foru Aldundiak Aiarako bailarako krisiaren inguruan zer egiteko asmoa duen azal dezan. Ondoren, EH Bildu batzarkide taldeak 2020ko aurrekontuen luzapenari buruz eta Armentia-2 izeneko putzua berraktibatzeko asmoari buruz egindako interpelazioei erantzungo die. Amaitzeko, Gonzalezek Arabako Popularrak batzarkide taldeak ostalaritzaren sektoreari laguntzeko martxan jarritako neurriei buruz egindako galderari erantzungo dio.
Jarraian, batzarkide-talde horrek Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko foru diputatuari galdetuko dio ea Arabako Foru Aldundiaren asmoa den Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak gaur egun egiten duen enoturismo-garapen eta -kudeaketarako alternatibak sortzea, eta Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko foru diputatuari galdetuko dio bere sailak Arabarako Errepideen Plan Integralarekin duen konpromiso-mailari buruz.
Gizarte politiketako foru diputatuari, bestalde, Arabako Popularrak batzarkide taldeak ere galdetuko dio Zainduz Araba Plana zergatik ez den gauzatu azal dezan, eta zer asmo dituen plan horri dagokionez. Ondoren, talde berak egindako bi galderari erantzun beharko die, Arabako Foru Aldundiak kudeatutako baliabideetan COVID-19 kasuen gorakadari eta Indesako garbitegiko langileentzako autobusaren ezabapenari buruz.
Osoko bilkuraren azken atalean, EH Bildu batzarkide taldeak Nekazaritzako foru diputatuari basurdeen uxaldiei buruzko azaroaren 11ko 361/2020 Foru Aginduaren inguruan galdetuko dio, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeak Kultura eta Kirol foru diputatuari Arabako eskola kirola etetearen inguruan galdetuko dio, eta Ingurumen eta Hirigintzako foru diputatuak Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) eta Arabako Popularrak batzarkide taldeen bi galderari erantzungo dio, Armentia gas-putzuaren gainean.
Ostegunean, abenduaren 3an, saio bikoitza egingo dute Arabako legegilearen batzorde aretoan. Lehenik eta behin, Lehendakaritza, Euskara, Berdintasuna, Lankidetza eta Giza Eskubideen batzordeko kideak bilduko dira diputatu nagusiaren agerraldira joateko. Bertan, iazko azaroko Osoko Bilkura tradizionalean emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarduerei buruz eztabaidatutako mozioaren betetze-maila azalduko du. Jarraian, Ekonomiaren Garapen, Berrikuntza eta Erronka demografikoko batzordearen bilerarako deialdia egingo da, eta Tubacexeko eta Aernnovako enpresa-batzordeek agerraldia egingo dute, hurrenez hurren.
Astea ostiralean amaituko da Enplegua, Merkataritza eta Turismoa Sustatzeko Batzordearen eta Foru Administrazioaren batzordearen bilerarekin. Bertan, bigarren diputatu nagusiorde eta arloko foru diputatuak agerraldia egingo du ostalaritzarako eta merkataritzarako alokairurako laguntzen berri emateko.
Batzordeen bilerak eta osoko bilkura streaming bidez jarraitu ahal izango dira Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.