Adierazpen instituzionala, Haur eta Nerabeen aurkako Indarkeria eta Tratu Txarrak Prebenitzeko Nazioarteko Eguna dela-eta - www.jjggalava.eus
- Mediateka
- Agenda
- Bilkuren historikoa
Bilkurak
- Jarduera Orokorra
- Ekimenen laburpena
- Saioen laburpena
Estatistikak
- Historia
- Egoitza
- Memoriak
- Funtzio orokorrak
- Akta historikoak
Instituzioa
- Berdintasuna
- Kuadrillak
- Administrazio zerbitzuak
- Ganberaren erregelamendua
Funtzionamendua
Albisteak
Adierazpen instituzionala, Haur eta Nerabeen aurkako Indarkeria eta Tratu Txarrak Prebenitzeko Nazioarteko Eguna dela-eta
Adierazpen instituzionala, Haur eta Nerabeen aurkako Indarkeria eta Tratu Txarrak Prebenitzeko Nazioarteko Eguna dela-eta
Bozeramaileen Batzarrak adierazpen instituzional hau onartu du gaur goizean:
Haurren kontrako abusua arazo unibertsala da, modu batera edo bestera kultura eta gizarte guztietan dagoena. 1959an Nazio Batuen Erakundean haurren eskubideen adierazpena onetsi zuen, eta ordutik aurrera ondorio psikologiko, sozial, legal eta mediko larriak dituen delitutzat jo zen.
Gainera, kontuan izanik gobernuek eta gizarte zibileko erakundeek zeregin garrantzitsua jokatu behar dutela haurren eskubideak sustatu eta errespetatzen, bereziki Haurraren Eskubideen gaineko Biltzarrean (19.enetik 34.enera bitarteko artikuluak), eta abusuen aurkako umeen babesa hobetzen laguntzeko helburuz, WWSFk 2000. urtean haur eta nerabeen aurkako abusua prebenitzeko nazioarteko eguna abiarazi zuen; azaroaren 19an ospatzen da, Haurraren Eskubideen Egunarekin batera (azaroak 20) sinergiak sustatzeko. Egun horren helburua da topagune bat izatea abusuen arazoa azaleratzeko, bai eta prebentzio-programak zabaltzea premia-premiazkoa dela agerian jartzeko ere. Kontua da arazoa ezagutzera ematea, garrantzizkoa dela adieraztea, eta prebentziorako estrategietan laguntzea.
Euskadin, gaur egun, Eusko Legebiltzarraren Giza Eskubideen Batzordearen baitan, martxan da Euskadiko haurren aurkako sexu-abusuen auziari ekiteko ponentzia. Horren helburua da azterlan bat egitea biktimen prebentziorako, atzemate goiztiarrerako eta babeserako elementuak identifikatzeko, eta, halaber, berriro ez gertatzeko eta erreparaziorako bermeak emateko. Horrez gain, bada Arartekoak prestatutako gida bat ere, “Euskadin haur eta nerabeen kontrako sexu-abusua eta sexu-esplotazioa gertatzen direnean jarduteko jarraibideak” izenekoa. Asko izan dira azken hamarkadetan haurren aurkako sexu-abusuen aurrean instituzioek egindako analisi eta hobekuntzetan egindako aurrerapenak, baina badago oraindik egiteko lana.
Haur eta nerabeen aurkako indarkeria eta tratu txarrak, sexualak bereziki, arazo unibertsala da, oso larria. Aldi berean, pertsonen aurka egin daitekeen indarkeria mota larrienetako bat da, eta bere ondorioak bizi osorako dira. Euskadiko instituziook jakitun gara haurren aurkako sexu-abusuak desberdintasun-testuinguru batean edo botere-asimetria dagoenean gertatzen direla, eta normalean engainua, indarra edo gezurra erabilita. Edonola ere, haurraren edo nerabearen eskubideen urraketa larria da.
Hala, haur eta nerabeek jasandako indarkeria hori guztiz isila da, ez da ezaguna. Zenbait azterlanen arabera, haurren aurkako indarkeriazko kasuen %10 baino gutxiago ematen da jakitera haurtzaroan edo nerabezaroan, hau da, indarkeria gertatzen denean. Gainera, azken urteotan nabarmen gora egin dute atzemandako adingabeen aurkako indarkeria kasuek: horren adibide da azken zortzi urteotan ANAR Fundazioak estatuan artatutako haur eta nerabeen kontrako indarkeria-kasuak asko ugaritu direla, eta 2009an ziren 1.487 kasuetatik 2016an izandako 5.930 kasuetara pasatu izan garela (azken urtean, kasuak %27,4 igo dira). Bestalde, 2018an Ertzaintzak 18 urtetik beherako biztanleen aurkako 1.584 biktimizazio (pertsona bat zehapen penal baten biktima dena) erregistratu zituen guztira. Hor sartzen dira familia barruko indarkeria, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurkakoa, familiatik kanpoko sexu-askatasunaren kontrako delituak eta familiatik kanpoko bestelako delitu batzuk. Iturri horren arabera, 2018an 1.501 adingabe urraketa penalen baten biktimak izan ziren; horietatik 256 Araban, 819 Bizkaian, eta 426 Gipuzkoan.
Haurren kontrako sexu-abusuak ertz ugari ditu. Hori dela eta, Administrazioko hainbat eragileren eta hainbat organoren esku-hartzea eskatzen du. Arabako Batzar Nagusiak jakitun dira haur eta nerabeengan gauzatzen den askotariko indarkeria horrek eragiten duen eskubide urraketek dakarten arazo larriaz, eta HAU ADIERAZTEN DUTE:
• Arabako Batzar Nagusiek aitortu eta balioa ematen diete arazo zeharo larri hori desagertzeko inplikatutako erakunde, antolakunde eta elkarte guztien ahalegin eta lanari, eta horiei laguntzeko dei bat egiten du. Eskerrak ematen dizkie, halaber, biktima anonimoak edo aurpegia emateko gauza izan diren biktimei. Askotan, horiek izan dira lanean aritu direnak erakundeen aldetiko hutsuneari aurre egiteko.
• Arabako Batzar Nagusiek azpimarratzen dute sentsibilizazio-kanpainak egin behar direla gizartea kontzientziatzeko, indarkeria egoera horiek lehenagotik detektatzeko eta horien gainean garaiz esku-hartzeko, Arabako herritarrak adi egon daitezen haurren eta nerabeen eskubideen edozein urraketaren aurrean, jarrera proaktiboa hartuz hori salatu eta errotik desagertzeko.
• Arabako Batzar Nagusiek egun diren baliabideak ezagutzera emateak duen garrantzia azpimarratzen dute, egoera horiek identifikatzen dituztenek eta abusuak eta tratu txarrak pairatzen ari diren biktimek horietarako aukera izan dezaten eta babesturik eta lagundurik senti daitezen.
• Arabako Batzar Nagusiek erakunde guztiei eskatzen die inplika daitezela haurren abusuei aurrea hartzeko eta horien zantzuak identifikatzeko, eta, halaber, adingabeen aurkako indarkeriari buruz ikerketa-proiektuak burutzeko, batik bat helduen eta haurren artean interakzioak diren eremu guztietan gertatzen diren sexu-abusuak, horiek lehenbailehen identifikatzeko eta ondoriozko kalteak murrizteko neurriak har daitezen.
• Arabako Batzar Nagusientzat ezinbestekoa da erakundeen eta gizarte-antolakundeen arteko elkarlana, arreta berezia jarriz prebentziora zuzendutako diagnostiko eta baliabideetan. Halaber, ezinbestekoa da gai hori hezkuntza-sistemaren ikasketa-programetan txertatzea, haurren abusuak detektatzeko tresnak egon daitezen, batez ere medikuen, irakasleen eta adingabe eta gazteen zaintzarekin lotutako pertsonen aldetik. Ildo horretan, udalen, aldundien, Eusko Jaurlaritzaren eta haurren sexu-abusua eta tratu txarrak prebenitzera zuzendutako elkarteen artean lankidetza eta koordinazioa sustatzeko nahia adierazten dute, ekimenak garatu eta prebenitzea, detektatzea eta esku-hartzea ahalbidetuko duten beharrezko baliabideak bermatze aldera, euren eskubide guztietarako aukera izatea ziurtatuko dien arreta egokia eskaini ahal izateko, abian jarriz protokolo eta arreta- eta babes-neurri eraginkor guztiak.
• Arabako Batzar Nagusiek txalotu egiten dituzte sexu-abusuen biktimak diren adingabeei arreta integrala emateko proiektu aitzindariak, Barnahus proiektua kasu, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak sailak abiarazitakoa Save The Children erakundearen laguntza eta babesarekin. Era berean, sexu-abusuen biktima diren adingabeei arreta integrala emateko mota horretako proiektu pilotuak garatzeko lankidetzarako duen borondatea adierazten du, euskal gizartera moldatzeko lehen urrats gisa, toki berean bilduz kasu horien gainean esku hartzen duten sail guztiak, izan judizialak izan soziosanitarioak.