Politika Orokorrari buruzko eztabaidak datorren astean hasiko du saioen aldia - www.jjggalava.eus
Albisteak
Politika Orokorrari buruzko eztabaidak datorren astean hasiko du saioen aldia
Arabako Batzar Nagusiek datorren astean irekiko dute bilkura-aldi berria Politika Orokorreko Osoko Bilkurarekin, Arabako Lurralde Historikoko beharrei eta erantzunei buruzko legegintzaldiko bigarren eztabaidarekin.
Mahaiak eta Bozeramaileen Batzarrak argi berdea eman diote gaur Arabako Legebiltzarraren bilera-aldi berriaren egutegiari. Legegintzaldiko Politika Orokorreko bigarren osoko bilkurarekin hasiko da. Hurrengo astean, batzordeen eta ponentzien bilerak hasiko dira.
Eztabaidaren antolaketa
Datorren astelehenean, irailaren 22an, goizeko 11:00etatik aurrera, Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusiak Foru Aldundiak Lurralde Historikoaren egoerari buruz dituen ildo nagusiak eta urtean zehar hartu nahi dituen neurriak eta arau-aurreikuspenak azalduko ditu. Gonzalezek gehienez laurogeita hamar minutu izango ditu horretarako. Ondoren, bilkura hurrengo eguneko goizera arte etengo da, batzarkide-taldeek erantzunak prestatu ahal izan ditzaten.
Asteartean, 09:30etik aurrera, Irma Basterra Arabako Ganberako presidenteak txanda bat irekiko du, txikienetik handienera, batzarkide-talde bakoitzak gehienez ere hogeita hamar minutuz esku hartzeko aukera izan dezan. Foru gobernuak aukera izango du gero batzarkide-taldeetako ordezkariei planteatutako gaiei erantzuteko, denbora-mugarik gabe.
Erantzuteko txanda berri bat, gehienez hamar minutukoa, batzarkide-talde bakoitzaren aldetik, lehenengoaren hurrenkera berean, politika orokorreko eztabaida honi amaiera emateko.