Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko eta Ogasun, Finantza eta Aurrekontuetako batzordeek aste legegileari hasiera emango diote astelehenean Araban

Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko eta Ogasun, Finantza eta Aurrekontuetako batzordeek aste legegileari hasiera emango diote astelehenean Araban

Batzordeen aretoa
2022 urr. 14

Asteazkenean Ganberak beste osoko bilkura bat egingo du, gobernuaren kontrolerako osoko bilkuraren interpelazioen ondoriozko mozioak eztabaidatzeko

Arabako legegintza-astea astelehen goizean hasiko da, lehenik eta behin, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren batzordearen bilerarekin. 9:00etatik aurrera, Carlos Ibarlucea alorreko foru diputatuak A-3700 Bilbo - Gasteiz errepide bidezko bidaiarien garraio publiko erregularreko zerbitzu bateratuaren aurreproiektuaren berri emango du, EH Bildu batzarkide taldeak Arroiabeko autobus geltokiari eta Nerbioi ibaiak Saratxoko saihesbidean duen seinaleari buruz egindako galderei erantzun aurretik. Batzordeko kideek bi mozio eztabaidatuko dituzte ondoren. Lehenengoak, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide-taldearen ekimenak, Arabako Bus Bonoa bultzatzea du helburu, Lurralde Historiko osoan eta hiriburuan garraio publikoa erabiltzeko. Bigarrenak, berriz, EH Bilduk aurkeztuta, 12 urtetik beherakoen garraio publikoaren doakotasuna eta gainerako erabiltzaileen tarifen beherapenak izango ditu hizpide.

Goiz horretan bertan, Ogasun, Finantza eta Aurrekontu batzordea ere bilduko da Foru Parlamentuaren egoitzan. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak eta Itziar Gonzalo arloko titularrak agerraldia egingo dute, justizia sozialean eta eraginkortasun ekonomikoan eragina izango duten zerga-neurrien inguruko balorazioaren berri emateko. Jarraian, foru gobernuko bi arduradunek Finantzen Euskal Kontseiluak urriaren lehen hamabostaldian egindako bileran landutako gaiei buruzko informazioa emango diete Batzar Nagusiei, eta, amaitzeko, Itziar Gonzalo foru diputatuak Ganberan izapidetzen ari den aurrekontuei buruzko foru arau orokorraren proiektua azalduko du.

Foru Ganberan ohikoa denez, asteartean Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzarraren asteroko bileren txanda iritsiko da. Bilera horietan, besteak beste, urriaren 26an egingo den osoko bilkuraren gai-zerrenda erabakiko da.

Asteazkenean, Arabako legegileak beste osoko bilkura bat egingo du, eta, hasteko, hala badagokio, foru-arauaren proposamena hartuko da kontuan, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren Foru Araua, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren Foru Araua, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Foru Araua eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren Foru Araua aldatzeko. Era berean, iragan urriaren 5eko gobernuaren kontrolerako osoko bilkuran egindako interpelazioen ondoriozko lau mozio eztabaidatuko dira. Lehenengoak, Arabako Popularrak batzarkide-taldeak aurkeztuta, Euskal Y-aren eta Iruñearen arteko lotura aztertuko du; bigarrenak, EH Bilduren ekimenez, 2017ko erreforma fiskalaren eta Arabako erakundeen muskulu ekonomikoa bermatuko duen erreforma fiskal berri baten beharraren inguruko balorazioa egiteko beharra eztabaidatuko du; eta azken biek, Elkarrekin Arabak (Podemos-Ezker Anitza-Equo) eskatuta, negoziazio kolektiboa babestea eta elikagaien eta oinarrizko produktuen prezioen gorakadak Arabako familia askoren ekonomietan duen eragina aztertzea bilatuko dute, hurrenez hurren.

Ostegunean, Arabako Batzar Nagusien egoitzan Nekazaritza batzordea bilduko da, lehenik eta behin, Eduardo Aguinaco alorreko foru diputatuak Arabako Popularren taldeak Arabako Errioxarako Agroseguruaren proposamenari buruz egindako galderari emandako erantzuna jasotzeko. Era berean, batzarkide-talde berak Arabako erlezaintzari laguntzeko aurkeztu duen mozioa eztabaidatuko da bilkuran, eta Finca Coto de Hontoria - Granja Agropecuariako ordezkariek nekazaritzako ekoizpen-ereduak azalduko dituzte.

Astea amaitzeko, ostiralean Kultura eta Kirol batzordearen bilera dago aurreikusita. Bertan, Ana del Val foru diputatuaren agerraldia bideratuko da, Kulturaren Plan Estrategikoaren Azken Memoriari eta Arabako Kulturaren ibilbide-orriari buruzko informazioa emateko. Halaber, EH Bildu batzarkide taldeak aurkeztutako mozioa eztabaidatuko da, jauregiak, dorretxeak eta Kultura Ondare izena duten jabetza pribatuko gainerako eraikin historikoak jendeari irekitzeari buruzkoa.

Batzordeen eta osoko bilkuraren bilerak zuzenean jarraitu ahal izango dira Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.