Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko diputatuaren agerraldiak aste legegilea irekiko du - www.jjggalava.eus
- Mediateka
- Agenda
- Bilkuren historikoa
Bilkurak
- Jarduera Orokorra
- Ekimenen laburpena
- Saioen laburpena
Estatistikak
Albisteak
Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko diputatuaren agerraldiak aste legegilea irekiko du

Ostegunean Gizarte Politiketako foru diputatuak ere agerraldia egingo du, eta asteazkenean Ganberak beste osoko bilkura bat egingo du
Arabako legegintza-astea astelehen goizean hasiko da, Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko batzordearen bilerarekin. 9:00etatik aurrera, Blanca de la Peña arloko foru diputatuak azalduko du ea Arabako Lautadako Koadrilak 2021eko azaroaren 22an onartutako mozioa betetzeko asmorik duen. Mozio horren bidez, Arabako Lautadaren identifikazio-seinaleak eguneratzea eskatzen zitzaion Foru Aldundiari. Beste alde batetik, sailak Zadorrako uholdeak prebenitzeko planaren 3. faseari dagokionez dituen asmoak ere azalduko ditu, bai eta egin beharreko lanen aurrekontua eta kronograma ere.
Foru Ganberan ohikoa denez, bihar asteartean Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen asteroko bileren txanda iritsiko da. Bilera horietan, besteak beste, martxoaren 2an, asteazkenean, ospatuko den hurrengo gobernuaren kontroleko osoko bilkuraren gai-zerrenda erabakiko da.
Asteazkenean legegileak beste osoko bilkura bat egingo du. Horretan, lau mozio eztabaidatuko dira, Arabako Popularrak batzarkide-taldeak Madril eta Euskadi arteko tren-zerbitzuaren gabeziei buruz egindako proposamenetik hasita. Ondoren, EH Bildu eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeen bi ekimen pilatuta eztabaidatuko dira, goi-mailako interes publikoko proiektuak Ingurumen Administrazioaren Legean sartzeari eta Foru Aldundiak egin dezakeen udal-autonomiaren defentsari buruz. Amaitzeko, EH Bilduk Klima Araba 2050 estrategiaren prozesu parte-hartzailea bermatzearen alde egindako proposamena aztertuko du Ganberak.
Ostegunean, Gizarte Ongizateko batzordea bilduko da Arabako Batzar Nagusien egoitzan, lehenik eta behin Emilio Sola arloko foru diputatuaren bi agerraldi hartzeko. Batetik, Indesa 2010 SLko lanpostuen balorazioaren berri emango du, eta, bestetik, Covid-19aren seigarren olatuaren irismena eta GOFEren mendeko zentroetako erabiltzaileengan eta langileengan izandako ondorioak azaltduko ditu. Ondoren, Etxea Josu Elkarteko ordezkariek ere agerraldia egingo dute batzordearen aurrean, etxebizitza komunitarioek DSBE jasotzeko erroldatze-irizpideen aurrean duten egungo egoera azaltzeko. Donemiliaga, Asparrena eta Barrundiako alkateek, berriz, informazioa emango dute Axpuruko Eguneko Arretarako Landa Zentroa abian jartzeko egindako kudeaketen inguruan, eta, azkenik, IFBSko Langileen Batzordeko ordezkariek Foru erakundearen eta haren mendeko foru-zentroen lan-baldintzei buruzko informazioa emango dute.
Astea amaitzeko, ostiralean Errepideen Foru Sareko ahalmen handiko bideen finantzaketa- eta kudeaketa-sistemari buruzko ponentziaren bilera aurreikusita dago, kanpoko eragileen agerraldien egutegia amaitu ondoren barne-lanari ekiteko.
Batzordeen eta osoko bilkuraren bilerak zuzenean jarraitu ahal izango dira Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.