Batzar Nagusietako Berdintasun Taldeak 18 ekintza lehenetsi ditu aurten gauzatzeko

Batzar Nagusietako Berdintasun Taldeak 18 ekintza lehenetsi ditu aurten gauzatzeko

berdintasuna lantzeko ekimenak
2024 api. 04

Arabako ganberako Berdintasun Taldeak lehentasunezko 18 ekintza ezarri ditu aurten garatzeko, Arabako Batzar Nagusietako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren barruan (2022-2025).

Taldea lau aldiz bildu da urte honen hasieratik, eta bileretan ekintza-planaren egitura berria eta 2024. urterako Kudeaketa Plana landu dira. Egitura berriarekin, ardatzak ordenatu dira, ekintza batzuk birformulatu dira eta beste batzuei edukia eman zaie. Plana berrantolatu ondoren, taldeak egin beharreko proposamenei eman die lehentasuna, eta 2024an egin beharreko ekintza-plana adostu du.

Ekintzak plan operatibo bat bermatzeko aurreikusita daude, ondo planifikatua eta plana garatzeko eta aplikatzeko behar besteko aurrekontuarekin. Horrela, planaren beraren komunikazioarekin, egutegiarekin eta zabalkundearekin lotutako ekimenez gain, taldeak identifikatuko ditu berdintasunaren eta genero-ikuspegia integratzearen arloko prestakuntza-beharrak, erakundeko langileentzat eta batzarkide-taldeentzat egokiak direnak. Gainera, kontratuetan, dirulaguntzetan eta hitzarmenetan sartutako berdintasun-klausulak berrikusiko dira, beharrezkoa denean eguneratzeko.

Emakunderekin lankidetza-ildo bat irekitzea ere aurreikusten du lantaldeak, baita berdintasunaren arloko esperientziak beste bi lurralde historikoetako Batzar Nagusiekin eta gertuko legebiltzarrekin partekatzeko jardunaldi bat ere. Era berean, planean bertan jasotzen da, aurten bertan, protokolo bat onartuko dela laneko jazarpenak, sexu-jazarpenak eta sexuan oinarritutako jazarpenak prebenitzeko eta horietan jarduteko, Arabako Batzar Nagusien esparruan jokabide horiek ezabatzeko jarduera-esparru bat zehazteko, eta ganberako funtzionarioei eta politikariei aplikatuko zaie.

Berdintasun-taldeari buruz

2023ko urriaren 31ko Mahaiaren erabakiz, Arabako Batzar Nagusietako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana dinamizatu, jarraitu eta ebaluatzeko lantaldearen osaera onartu zen. Lantalde hori EAJ-PNV, EH-Bildu, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Podemos taldeetako ordezkariek eta Idazkaritza Nagusiko lau funtzionariok eta Protokolo eta Komunikazio Zerbitzuko pertsona batek osatzen dute.