Batzar Nagusiek argi berdea eman diote Euskararen Erabilera Normalizatzeko I. Plan Estrategikoari - www.jjggalava.eus
Albisteak
Batzar Nagusiek argi berdea eman diote Euskararen Erabilera Normalizatzeko I. Plan Estrategikoari

Legealdia hasi zeneko konpromisoa zen, eta, agintaldiaren erdialdearen atarian, Arabako legebiltzarrak Euskararen Erabilera Normalizatzeko I. Plan Estrategikoa abian jartzea lortu du.
Planak langile publikoen parte-hartzea izan du, talde tekniko baten lidergopean prestatu da eta batzarkide-taldeen ekarpenak jaso ditu. Halaber, Mahaiaren behin betiko oniritzia jaso berri duen Plan honek aldeko txostena jaso du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eskutik.
Plan estrategikoa jarduketa-prozesu bat da, zeinean elementu hauek jasotzen baitira, plangintzaldi bakoitzari begira: lortu beharreko helburuak, hartu beharreko neurriak, eta euskara zerbitzu-hizkuntza gisa ere erabiliko dela bermatzeko eta lan-hizkuntza gisa areagotu eta normalizatzeko jarri beharreko bitartekoak, betiere oinarri hartuta abiaburuko egoeraren diagnostiko kuantitatibo eta kualitatiboa
Arabako Batzar Nagusiek landutako eta orain onetsitako planak 2 ardatz, 13 arlo, 30 helburu estrategiko eta 29 ekintza aurreikusten ditu.
"Plan honen bidez, euskararen erabilera sendotu eta hobetu nahi dugu, herritarren, erabiltzaileen eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Hori ziurtatzeaz gain, euskaraz eroso lan egingo dela bermatu nahi dugu. Orain hizkuntza-irizpideak onartzea eta Ekintza Planeko neurriak irmo ezartzen jarraitzea da erronka", nabarmendu du Irma Basterra Batzar Nagusietako lehendakariak.