Arabako Batzar Nagusietako osoko bilkuren aretoan Alzheimerraren Munduko Eguna ospatu da

Arabako Batzar Nagusietako osoko bilkuren aretoan Alzheimerraren Munduko Eguna ospatu da

Presidentearen hitzak
2021 ira. 21

Pedro Elosegi presidenteak "gaixoei beren premien araberako bizi-espazioa ematen saiatzeko lan egiten duzuen ahalegina eta adorea" azpimarratu du, ekitaldia antolatu duen Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen senide eta lagunen Arabako Elkarteari erreferentzia eginez

´Nor garen ahaztu ez dezagun´ lelopean, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen senide eta lagunen Arabako Elkarteak Alzheimerraren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldia egin du gaur goizean Arabako Batzar Nagusietako osoko bilkuren aretoan. Bertan, Miguel Angel Echevarria presidenteaz gain, Pedro Elosegi Foru Parlamentuko presidenteak eta Emilio Sola Gizarte politiketako diputatuak hartu dute hitza.

AFA Arabak, irailaren 21aren inguruan (Alzheimerraren Mundu Eguna) antolatutako jardueren esparruan, Lurralde Historikoko Kuadrilla guztiei aholkularitza, prestakuntza eta sentsibilizazio programak eskaintzearen aldeko apustua sinbolizatu nahi izan du agertoki honetan, eta arabarren borondatearen egoitzatik egin du. 2021ean Arabako Lautadako eta Aiarako koadriletan hasi dituzte ekimen horiek, eta 2022an eta 2023an gauza bera egingo dute Arabako gainerako udalerrietan.

Ekitaldian, Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidenteak elkartea osatzen dutenak goraipatu ditu, "gaixoei beren premien araberako bizi-espazioa ematen saiatzeko lan egiten duzuen ahalegina eta adorea" azpimarratuz. Halaber, Arabako elkarteen eta boluntarioen lan ordainezina eskertu du, "Arabarrei etorkizun hobea sortzeagatik".

AFA Arabak egiten duen lana funtsezkoa da gaixoen eta haien senideen etorkizuna iluntzen duten itzal ugarien artean argia bilatzeko, esan du. Arabako Parlamentuko presidenteak gogora ekarri du, halaber, "Alzheimer edo beste dementziaren bat duen senide bat zaintzeak sortzen duen sentimendu-amalgama hori, lagundu ahal izateko ilusioaren eta guk nahiko genukeen bezala ezin egiteko ezintasunaren arteko joan-etorri horiek, une batzuetan gogobetetzearen eta beste askotan agortzearen arteko gorabeherak, eta, batez ere, biharko eguna nolakoa izango den ez jakitearen ziurgabetasuna. Eta, hori gutxi balitz, gaixotasunaren ezjakintasuna agertzen da beldurren artean".

Arabako Batzar Nagusiek 'Alzheimerrarekiko udalerri aktiboak' ekimenarekin bat egingo dute gaur gauean, eta Gasteizko Prado kaleko egoitzaren fatxada nagusia argituko dute, gaixotasuna irudikatzen duen kolore berdearekin.