Arabako Batzar Nagusiek Errefuxiatuen Munduko Egunarekin bat egiten dute

Arabako Batzar Nagusiek Errefuxiatuen Munduko Egunarekin bat egiten dute

Fatxada urdinez argiztatuta
2022 eka. 17

Arabako Parlamentuak Gasteizen duen egoitzaren fatxada nagusia urdin kolorekoa argiztatuko du datozen gauetan, ACNUR Errefuxiatuentzako NBEren Goi Komisarioak kolektibo horren munduko eguna ezagutarazteko abian jarritako ekimenekin bat egiteko. Efemeride hau mundu osoan ospatuko da astelehen honetan, ekainak 20, eta New Yorkeko Empire State Building edo Erromako Koliseoa bezalako eraikin enblematikoak urdinez tindatuko dira.

Ekintza horren bidez, ACNURek mezu aldarrikatzaile bat helarazi nahi dio gizarteari, indarkeriaren, gerren edo jazarpenaren ondorioz munduan desplazatutako ehun milioi pertsona baino gehiagori omenaldia egiteko, Europan mugimendu horiek eragiten duten giza tragediaz are gehiago jabetu garen une honetan.

Aurten, gainera, ACNURek babesa bilatzeko eskubidean jarri nahi du arreta, "Edonor. Edonon. Edonoiz. Pertsona orok du babesa bilatzeko eskubidea” lelopean. Munduko pertsona guztiek dute babesa bilatzeko eskubidea, nortzuk diren, nondik datozen eta noiz ihes egin behar izan duten kontuan hartu gabe.