Afganistango egoerari buruzko adierazpen instituzionala

Afganistango egoerari buruzko adierazpen instituzionala

Afganistango egoera
2021 ira. 14

Bozeramaileen Batzordeak honako adierazpen instituzional hau onartu du gaur goizean:

Talibanak agintera itzuli direnetik Afganistanen gertatu direnak ikusita, eta ikusita afganiarren bizitza (bereziki, emakume eta neskatoena) arriskuan dagoela eta islamiar legeak (xariak) zuzenduko duen emirerri bat aldarrikatu dela, zera adierazten dute Arabako Batzar Nagusiek:

-          Nazioarteko lege humanitarioen erabateko errespetu eta babesa exijitzen dugu, eta herritar guztiek beren eskubide eta askatasunak erabili ahal izatea.

-          Nazioarteko komunitate osoari dei egiten diogu mehatxu terrorista globalaren aurka irmo eta batuta esku hartzeko, Afganistan erakunde terroristen babesleku bihur ez dadin eta nazioarteko terrorismoak plataforma gisa erabil ez dezan eta oinarrizko giza eskubideak errespetatzea berma dadin.

-          Nazio Batuei, gainontzeko herrialdeei eta, bereziki, Europar Batasunari eskatzen diegu giza balio unibertsalak defenda ditzaten eta egoerak eskatzen duen bezala joka dezaten; alegia, biztanleria zibilari laguntza humanitarioa eman diezaioten, eragile humanitarioak Afganistanen bertan egon eta jardutea berma dezaten eta beren kabuz Afganistandik etorkizun itxaropentsuago baten bila atera nahi duten errefuxiatu guztien nazioarteko harrera erraztu dezaten.

-          Ate joka dugun krisi humanitarioa ikusita, ezinbestekoa da korridore humanitarioen bidez mugimendu seguruei bide ematea, jazarpena, gerra edo giza eskubideen beste edozein urraketa dela-eta beren herrialdeetatik alde egin behar duten errefuxiatu guztientzako bide seguruak bermatzeko.

-          Munduak egungo krisiari ematen dion erantzunaren ardatza emakume eta neskatoen eskubideek izan behar dute, haiek baitute arriskurik handiena beren duintasuna uka diezaieten eta haiek baitaude menderatuak, esklabo bihurtuak eta are erailak izateko arriskurik handienean. Aurreko gobernu talibanaren agintaldian, 1996tik 2001era bitartean, ezin ziren bakarrik irten etxetik, ez bakarrik ibili kalean; ezin zuten ikasi, ez lan egin, ez beren komunitate politikoetako erabakietan parte hartu; eta ezin ziren medikuaren kontsultategira beren kabuz joan, ez gizonezko mediku batekin bakarka geratu. Amnistia Internazionalak gogoratu duenez, azken 20 urteetan, nazioarteko laguntza sozial eta ekonomiko itzelari esker funtsean, afganiar emakume eta neskatoen eskubideek nabarmen aurrera egin dute, eta emakumeek modu aktiboagoan parte hartu ahal izan dute herrialdeko bizitza politika, ekonomiko eta sozialean: etengabeko gatazka gorabehera, afganiar emakumeek abokatu, mediku, epaile, irakasle, ingeniari, atleta, politikari, kazetari, enpresari, Poliziako eta Armadako kide eta giza eskubideen aktibista izatea lortu dute.

Orain, afganiar emakumeen egoera are larriagoa izango da nazioarteko komunitateak azkar eta erabakitasunez esku hartzen ez badu. Milaka afganiar emakume talibanen errepresaliak izateko eta etorkizun ziurgabe baten aurrean abandonatuta gelditzeko arriskuan daude. Hortaz, funtsezkoa da arreta berezia ematea emakumeen eta herrialde horretako kolektibo zaurgarrienen giza eskubideek izan dezaketen atzerakadari, eta haiei harrera egitea erraztea, hala eskatuz gero.

Une hauetan, ezinbestekoa da instituzioen arteko lankidetza, horregatik:

-          Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu nazioarteko babesa eskatzen dutenentzako baliabideak jar ditzan, eta Espainiako Gobernuari, nazioarteko babesa eskatzen dutenei harrera egiteko tokiak erabil ditzan.

-          Eusko Jaurlaritzak 2018. urtetik bultzatutako SHARE proposamena Europako agendan jartzeko eskatzen dugu. Bizi dugun migrazio-erronkaren aurrean erantzunkidetasun-printzipioa aplikatzera eta islatzera bideratutako proposamena. Erantzunkidetasun-printzipioa aplikatzeak erantzuna partekatzea esan nahi du, gizarte inklusiboak eraikitzera bideratutako konpromiso arduratsuaren bidezkoa.

-          Nazioarteko babesa behar duten pertsonak sartzeko legezko bideak areagotzea eta dibertsifikatzea premiazkoa denez, Gobernu Zentralari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu jarraitzeko Euskadin aitzindaria den Babes Komunitarioa bezalako programak sustatzen. Babes Komunitarioa izeneko programak herritarrei errefuxiatuen harreran eta integrazioan zuzenean parte hartzeko aukera ematen die.

-          Espainiako Gobernuari eskatzen diogu Euskadin bizi diren 45 afganiarrekiko elkarrizketa indartzeko, senitartekoen datuak jaso ahal izateko eta familiak berriz elkartzeko.

-          Afganistango herriari gure elkartasuna eta babesa eskaini nahi diogu une zail hauetan, hain zuzen ere errepresioarekin eta askatasunak eta giza eskubideak murriztearekin mehatxu egiten duen sistema totalitario bat ezartzen ari baita.

-          Aurreko guztiaren ondorioz, eta gure lurraldearen bide-erakusle diren balioak defendatzeko dugun konpromisoaren erakusgarri, berretsi egiten dugu Arabako Lurralde Historikoa harrera eta babes lekua dela hala behar duten guztientzat, une eta egoera zehatza edozein dela ere; baldintza bakarra da edozein giza eskubideren urraketa.