Adierazpen instituzionala, Haurren Munduko Eguna dela eta

Adierazpen instituzionala, Haurren Munduko Eguna dela eta

Fatxada urdinez argiztatuta
2022 aza. 15

Gaur goizean bildu den Bozeramaileen Batzarrak adierazpen instituzional hau onartu du azaroaren 20an, Haurren Mundu Eguna dela eta:

Arabako Batzar Nagusiak, UNICEF Euskal Herriko Batzordeak helarazi digun bezala Haurren Munduko Eguna ospatzen dugu haurren eskubideen aldeko lorpen handiak azpimarratzeko, baina baita gogoratzeko ere EAEn eta gure lurraldean oraindik lortu gabeko erronkak ditugula haurren eskubideak gauzatu daitezen.

Gaur egun, haurrek eta nerabeek hainbat erronkari egin behar diete aurre, besteak beste pobreziari eta desberdintasunei, krisi klimatikoari, gaur duten ongizate-maila kolokan jartzen duten erronkei, eta baita bihar garatzeko eta bizirik irauteko dituzten aukerei ere.

Haurren eta nerabeen eskubideak lortzen direla ziurtatzea gai kolektibo bat da, eta nahitaez bete beharrekoa. Haur batek bere eskubideak neurri batean betetzen ez direla ikusten duenean, horrek zuzenean eragiten dio bere ongizate emozionalari. Horregatik, gizarte osoak funtsezko zeregina betetzen du haur guztiak emozionalki aseta sentitzen direla ziurtatzeko.

1989an Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartu izanak haurren eskubideak betetzeko aurrerapauso handia ekarri zuen, baita Espainiako Estatuak 1990ean berretsi izanak ere. Gaur egun, hala ere, erronka global handiei aurre egin behar zaizkie oraindik, kontuan hartuta eragina dutela autonomia-erkidegoan eta toki-mailan ere. Krisi ekonomiko berriek, krisi klimatikoak, COVID-19aren pandemiaren agerraldiak eta Ukrainako gerrak egoera zailean jarri dute munduan milioika pertsonaren biziraupena, batez ere haurrena.

Erakundeetan erabaki irmoak hartu beharrean gaude, haurrak ez direla atzean geratuko eta haur bakoitzak bere potentzial gorena garatu ahal izango duela bermatzearren. Hori dela eta, Arabako Batzar Nagusiek konpromisoa hartzen dugu:

• Haurrengan inbertsio handiagoa eta eraginkorragoa sustatzea, aipatutako erronkei aurre egiteko beharrezko baliabideak esleitzen direla bermatuz, haurren eskubideak erdigunean jarrita.

• Haurren eta nerabeen kezkak eta premiak entzutea eta ekintza politikoan zeharkako modu batean kontuan hartzea, haien parte-hartzea sustatu eta haiekin batera krisi hau gainditzeko estrategiak diseinatzeko.

• Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren printzipio gidariak kontuan hartzea —haien interes gorena, bizitzeko, bizirauteko eta garatzeko duten eskubidea, parte hartzekoa eta diskriminaziorik eza— haurrei eta nerabeei eragiten dieten krisiari erantzuteko eta gainditzeko hartutako erabaki guztietan.

• Kalitatezko baliabideak eta baliabide espezializatuak bultzatzea, baita haurren eta nerabeen osasun mentalaren sustapena, prebentzioa eta arreta bermatzeko neurriak ere, arreta berezia jarrita kolektibo kalteberenetan.

• Hazkuntzari laguntzeko prestazioak eta seme-alabak dituzten familiei mesede egingo dieten neurri fiskalak bultzatzea, batez ere familia ahulenei.

• Haurrak era guztietako indarkeriaren aurrean babestea: babes-inguruneak lortzeko mekanismoak bultzatuz, haurrei eta nerabeei zuzendutako zerbitzu guztiek berma dezaten, prebentzioaren ikuspegitik, haiek babestuta daudela tratu txarren, abusuen, jazarpenaren edo indarkeria-egoeren aurrean.

• Haur eta nerabe migratzaileen, errefuxiatuen eta haurrak babesteko sistematik ateratzen diren gazteen inklusioa sustatzeko programak indartzea.

• Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak eta Parisko Akordioa betetzeko beharrezkoak diren ekintzak sustatzea, COVID-19 pandemiak eragindako krisia haurren orainean eta etorkizunean inbertitzeko aukera bihurtuz, hobeto berreraikiz eta jasangarritasunaren ikuspegiarekin, krisi klimatikoaren mehatxua eta horrek haurrengan duen eragin kaltegarria alde batera utzi gabe.

• Haurren aldeko ekintzak hedatzeko eta emaitzak lortzeko, toki, erkidego eta mundu mailan, Garapenerako Nazioarteko Lankidetza indartuz, COVID-19ak garapen bidean dauden herrialdeetan duen eragina kontuan hartuz eta txertaketa globala eta osasun sistema indartuak bermatuz.

Honela, Arabako Parlamentuak Gasteizko Prado kaleko egoitzaren fatxada nagusia kolore urdinarekin argiztatuko dute asteburu honetan.

Argiztapena 22:00etan itzaliko da, abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege Dekretuaren arabera energia aurrezteko eta energía efizientzia hobetzeko neurriei buruz indarrean dagoen araudia betetzeko.