2022rako aurrekontuak nagusi izango dira Arabako legegilearen asteroko agendan

2022rako aurrekontuak nagusi izango dira Arabako legegilearen asteroko agendan

Batzordeen aretoa
2021 abe. 10

Asteazkenean osoko bilkurak aurrekontuak betearazteko foru arauaren proiektuari batzarkide taldeek aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatuko ditu

Arabako Lurralde Historikoko legegintza-astea astelehen goizean hasiko da, Mahaiko kideek Arabako Lurralde Historikoaren 2022rako aurrekontua betearazteko foru-arauaren proiektuari egindako osoko zuzenketak kalifikatzeko bilerarekin. Batzarkide taldeek zuzenketak aurkezteko epea gaur, ostiralean, amaitu da. Goiz horretan bertan, Araudi eta Barne Gobernuaren batzordeak, araugintza-gaitasun osoa duenak, Ganberaren aurrekontuari buruzko foru-arauaren proposamena onartuko du.

Asteartean, Mahaiak eta Bozeramaileen Batzarrak bilera bana egin beharko dute, talderen batek hala eskatuz gero, aurrekontuak betearazteko foru-arauari egindako osoko zuzenketak berriro aztertzeko. Zuzenketa horiek asteazkenean, hilak 15, 9:00etan egingo den osoko bilkuran eztabaidatuko dira. Hori amaitu ondoren, eta foru-arauaren proiektuak bozketa gainditzen badu eta Batzar Nagusietan izapidetzen jarraitzen badu, Mahaiak horri egindako zuzenketa partzialak kalifikatu beharko ditu.

Ostiralean berriro bilduko dira Mahaia eta Bozeramaileen Batzarra, batetik, asteazkenean kalifikatutako zuzenketa partzialei egin dakizkiekeen birgogoetak aztertzeko, eta, bestetik, egiteke dauden legegintza-gaiei eta, hala badagokio, abenduaren 23an egingo litzatekeen osoko bilkuraren gai-zerrendari heltzeko. Era berean, egun horretan bertan Ogasun, Finantza eta Aurrekontuen batzordearen bilera aurreikusita dago, une honetan izapidetzen ari diren bi foru-arau proiekturi egin beharreko zuzenketak eztabaidatzeko: landa-eremuko biztanleriaren asentamendua bultzatzeari buruzkoa eta irabazi-asmorik gabeko erakundeen zerga-araubidea eta mezenasgorako zerga-pizgarriak arautu nahi dituena.

Batzordeen bilerak, eta baita osoko bilkura ere, zuzenean jarraitu ahal izango dira Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.