Arabak frankismoaren biktimak gogoratzen ditu eta memoria aldarrikatzen du bizikidetza demokratikoaren berme gisa - JJGG-BBNN
Albisteak
Arabak frankismoaren biktimak gogoratzen ditu eta memoria aldarrikatzen du bizikidetza demokratikoaren berme gisa
Arabak frankismoaren biktimak gogoratzen ditu eta memoria aldarrikatzen du bizikidetza demokratikoaren berme gisa
Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Batzar Nagusiek frankismoaren biktimak omendu dituzte gaur arratsaldean errepresaliatuen senideak eta Arabako ordezkaritza instituzional zabala bildu dituen ekitaldi batean.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako presidentea izan dira omenaldiko buru, eta diktaduraren errepresioa jasan zutenen oroimena bizirik mantentzeko ekitaldi batean lagundu diete senideei.
Arabako Batzar Nagusien ordezkaritza bereziki esanguratsua izan da. Irma Basterra presidentearekin batera, Arabako legebiltzarreko Mahaiko ordezkariek, batzarkide taldeetako bozeramaileek eta foru erakundeko prokuradoreek parte hartu dute.
Batzar Nagusiek biktimen memoriarekin, aitorpenarekin eta duintasunarekin duen konpromisoa adierazi nahi izan dute, baita balio demokratikoak, giza eskubideak eta askatasunak babestearekin duen konpromisoa ere.
Urtero Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek elkarrekin antolatzen duten omenaldiak 1936ko iraileko gertaerak eta Teodoro Olarte, garai hartan Arabako Aldundiko Kudeaketa Batzordeko presidentea zena, eta Arabako beste foru ordezkari batzuk fusilatu izana gogoratzen ditu bereziki.
Horrela, Gerra Zibilean eta diktadura frankistan Araban jazarri, errepresaliatu edo erail zituzten pertsona guztiak oroitzeko eta aitortzeko gune bihurtu da ekitaldia. Ekitaldia amaitzeko, lore eskaintza egin dute biktimen omenez.