Historia

Arabako Batzar Nagusiak 1463. urtean sortu ziren; Europako legebiltzarrik zaharrenetako bat dira, beraz. 1876an abolitu ostean, 1979an berriz eratu ziren, benetako parlamentu moderno eta demokratiko  gisa, ordezkaritza-ganbera gisa alegia.   

Historialarien arabera, gure instituzioaren jatorria Arabako Probintzia Ermandadea da. Arabako hiri eta kontzejuak ermandadetan batzen ziren –ordena publikoaren alde eta gaizkileen kontra, probintziako armarriak dioen lez–, harik eta 1463an ermandade guztiak Rivabellosan elkartu ziren arte ‘Cuaderno de Leyes y Ordenanzas de la Hermandad Provincial de Álava’ deritzona idazteko.  Koaderno hura Enrike IV. Erregeak onartu zuen eta lehenengo aldiz probintziaren antolaketa politikoa eta administratiboa taxutu zuen:   

  • Batzar Nagusien osaera ezartzen zuen: ermandade bakoitzak prokuradore bat edo bi hautatzen zuen herritarren artean 
  • Batzaren egutegia ezartze zuen: urtean ohiko bi batzar egingo ziren: Bat maiatzean, ‘Lur Jareetako’ toki baten (Vitoria-Gasteizetik kanpo), eta beste bat azaroan Vitoria-Gasteizen. Gainera, behar beste ezohiko batzar egin ahal izango ziren.  
  • Arabako Batzar Nagusi berri horien zereginak zehazten zituen: 
    • Batzar Partikularra izendatu behar zuten, diputatu nagusi bat buru zela. Organo horren ardura zen auziak ebaztea Batzar Nagusiak bilduta ez zeuden aldietan, bai eta probintziaren foruak eta pribilejioak aldeztea eta Batzar Nagusien erabakiak betetzen direla zaintzea, erabaki horiek lege-izaera zutelako. Diputatu nagusia zen Batzar nagusietako buru, eta haien mende zegoen. 
    • Ogasun-kontuetan eskumenak zituzten. Araba salbuetsita zegoen Koroak beste probintzia batzuei ezartzen zizkien zergetatik. Hala nahi bazuen, ekarpena egiten zuen ‘Foru Dohaintza’ izenekoaren bidez.  
    • Araba, halaber, salbuetsita zegoen Koroak atzerrian izan zitzakeen gerretara gizonak bidaltzetik –bazeukan arren Lurraldea defendatzeko kidego armatu bat– eta Monarkiaren lege eta dekretuei aurka egitea, baldin eta Foruen kontrakoak baziren, ‘Foru Baimena’ izenekoaren bitartez.   

Ordenantza horiek Karlos V.ak baieztatu zituen eta indarrean egon ziren harik eta, gerra karlista bukatuta, 1876ko uztailaren 21eko Legeak foruak, batzar nagusiak eta foru-aldundiak indargabetu zituen arte. 

Mende oso batez indargabetuta egon ondoren, demokrazia heldu zelarik, 1979ko urtarrilaren 26an euskal aldundiak berrezartzeko dekretuak eman ziren argitara eta, ondorioz, maiatzaren 7an, batzar nagusiak berriz eratu ziren hiru lurralde historikoetan. 

ARABAKO HISTORIA OROKORRARI BURUZKO LANAK

Atal honetan Arabako historia orokorrari buruzko lanak aurkituko dituzu, dokumentalistek, unibertsitateko irakasleek edo historia tea ikerkuntzaren profesionalek egindakoak. Formatu elektronikoan biltzen ditu (edukiak gehiago zabaldu ahal izateko) “Arabako Biltzar Nagusiak. Arabako Gobernuaren Foru Erakundea. XV- XIX m." izeneko liburuaren papereko ediziorako hainbat egilek egindako testuak.  

Orrialde honetan Arabako ezagutza historiko, geografiko, ekonomiko, artistiko eta sozialerako intereskoak diren bestelako lan batzuk ere bildu eta zabalduko dira.  

LANAK

Arabako Batzar Nagusiek gune bat eskaini nahi die, gainera, esparru honetako lanak argitaratu nahi dituzten egileei. Parte hartu nahi izanez gero, harremanetan jar zaitezkete jjggalava@jjggalava.eus helbidean.