null Foru gobernuari kontroleko osoko bilkura

Foru gobernuari kontroleko osoko bilkura

Kontroleko osoko bilkura
2022 ots. 02

Gaur goizean, Arabako Batzar Nagusietako osoko bilkuren aretoan, Gasteizko Probintzia Etxe-Jauregian, foru gobernuaren kontrolerako osoko bilkura egin da, otsailari dagokiona.

Bilkura horretan, batzarkide taldeek sei interpelazio eta zortzi galderar egin dizkiete gobernuaren kideei; horietatik sei Arabako Popularren taldearen ekimena dira, bost EH Bildurenak eta gainerako hirurak Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeak aurkeztu ditu.

Lehenik eta behin, Madril eta Euskadi arteko tren-zerbitzuaren gabeziei buruzko interpelazio bati erantzun dio diputatu nagusiak, baita Arabako Errioxako Ardoaren Bikaintasunaren Zentroaren egoerari buruzko galdera bati ere. Ondoren, Ogasun, Finantzak eta Aurrekontuetako foru diputatua interpelatu dute TicketBai derrigorrez ezartzea atzeratzeko eta hiru euskal ogasunen arteko sistemaren koordinazio handiagoa lortzeko aukeraren inguruan dituen asmoen inguruan.

Jarraian, jarduneko Lurralde Orekako foru diputatuak (baja medikoan dagoen titularra ordezkatzen du) interpelazio bati erantzun dio, 2022. urte honetan toki entitateak finantzatzeko foru arau berri bat aurkezteko asmoa ote duen jakiteko. Nekazaritzako foru diputatuak, bestalde, Ardoaren Etxeak Arabako Errioxako mahastizainei mahatsaren analisiari dagokionez eskaintzen dizkien zerbitzuei buruzko interpelazio bat erantzun du, eta Laudioko hiltegiaren egoerari buruzko bi galderari ere. Galdera horiek pilatuta eztabaidatu dira gai bera jorratzen dute eta.

Gizarte Politiketako foru diputatuaren parte-hartzea saioko luzeena izan da, eta bi interpelazio eta hiru galdera izan ditu. Hasteko, foru gobernuko kideari interpelatu diote etxerik gabeko pertsonen gorakada handiaren aurrean zer irtenbide eskainiko dituenari buruz, edo Aldundiak egoitza pribatuen sektoreko patronalen eta sindikatuen eskariari erantzun nahi dion, Egoitza Pribatuen I. Probintzia Hitzarmena sinatu ahal izateko. Bere hitzaldia honako gai hauei buruzko galderen erantzunekin amaitu da: adinekoak artatzeko egoitza-plazak sortzea, Covid-19aren txertaketa-kanpainan errefortzu-dosia edo hirugarren dosia jartzea desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonei, eta GOFEk hirugarren sektorearekin dituen hitzarmenak, bereziki desgaitasunaren eremuarekin.

Osoko bilkura amaitzeko, Kultura eta Kirol foru diputatuak bi galderari erantzun die, eztabaida modu metatuan jorratu direnak, joan den urtarrilean eskola-kirolari eragin dioten murrizketen inguruan.