Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Pleno
2022 aza. 16

Arabako Batzar Nagusiek beste osoko bilkura bat egin dute gaur goizean Probintziako Etxe-Jauregian. Hasiera batean, Bozeramaileen Batzarrak atzo onartutako adierazpen instituzionala irakurri da, urtero bezala azaroaren 20an ospatuko den Haurren Mundu Eguna dela eta.

Ondoren, osoko bilkurak eztabaidatu du Arabako Popularrak batzarkide-taldeak proposatu duen foru-arauaren proposamenaren aintzat hartzea, tresna teknologikoak erabiltzeko betebeharra ezartzen duen apirilaren 21eko 13/2021 Foru Araua aldatzekoa. EH Bildu, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide-taldeen aldeko botoekin eta EAJ-PNVren eta Euskal Sozialisten kontrako botoekin baztertu da.

Jarraian, foru gobernuaren lana bultzatzeko duen eginkizuna betez, Lurralde Historikoko ordezkaritza organo gorenak batzarkide-taldeek proposatutako hiru mozio eztabaidatu ditu.

Lehenengoak, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldearen ekimenak, Laura Fernandez prokuradorearen hitzetan, Pedro María Uribe-Echebarría Díaz zientzialari arabar ospetsuaren heriotzaren hamargarren urteurrena ospatu nahi zuen, 2023an beteko dena. Mozioa atzera bota da eta, horren ordez, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkide taldeek aurkeztutako ordezkapen-zuzenketa onartu da, EH Bildu, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeen abstentzioarekin.

Ondoren, David Rodríguez Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeko bozeramaileak Urrunaga eta Goiaingo kontzejuei, bertako biztanleen osasunari eta inguruneari eragiten dien ingurumen-kutsaduraren egoera eraman du eztabidatzera. Aurkeztutako erdibideko zuzenketa aho batez onartu da 1., 2. eta 4. puntuetan, eta aldeko boto guztiak jaso ditu, EH Bilduren abstentzioa izan ezik, 3. puntuan.

Azkenik, Eva Lz de Arroyabe EH Bilduko prokuradoreak mozio bat aurkeztu du Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 izeneko proiektu fotovoltaikoei buruz. Aurkeztutako erdibideko zuzenketa atzera bota da EH Bildu, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeen aldeko botoekin eta EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkideen aurkako botoekin. Horren ordez, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkide taldeek aurkeztutako ordezkapen-zuzenketa onartu da, EH Bildu, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeen kontrako botoekin.