Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Osoko bilkuran jorratutako gaien laburpena

Osoko bilkura
2022 eka. 08

Arabako Batzar Nagusiek beste osoko bilkura bat egin dute gaur goizean, eta hasteko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren eta Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundien arteko administrazio arteko hitzarmena berresteko foru-arauaren proiektua onartu dute, Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen den AP-68 autobidearen tartearen gaineko eskumenak arautu eta koordinatzeko. Foru araua aho batez onartu da.

Ondoren, foru-gobernuaren lana bultzatzeko eginkizuna betez, Lurralde Historikoko ordezkaritza-organo gorenak batzarkide taldeek proposatutako lau mozio eztabaidatu ditu. Lehenengoak, EH Bildu batzarkide taldearen ekimenak, hondakin organikoak kudeatzeko deszentralizatutako konpostaje-eredua, Austriako eredua, garatzeko plana bultzatu nahi zuen, Kike Fz de Pinedo bozeramailearen hitzetan. Puntu honetan erdibideko zuzenketa bat aurkeztu da, batzarkide-taldeek aho batez onartua.

Jarraian, Laura Fernández Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeko kideak eztabaidara eraman du arau-esparru bat ezartzea, guraso bakarreko familiak berme guztiekin babesteko. Batzarkide talde guztiek erdibideko zuzenketa bat aurkeztu dute, eta aho batez onartu da.

Gai-zerrendako hurrengo puntu gisa, Claudia Venceslao EH Bilduko prokuradoreak mozioa aurkeztu du Axpuruko eguneko arretarako landa-guneari buruz. Mozioa atzera bota da eta, horren ordez, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak taldeek EH Bildu, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeen aurkako botoekin aurkeztutako erdibideko zuzenketa onartu da.

Azkenik, David Rodríguez Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeko bozeramaileak cohousing edo etxebizitza kolaboratiboaren eredua bultzatzeko mozioa aurkeztu du. Aurkeztutako erdibideko mozioa atzera bota da, EH Bildu, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkideen aldeko botoekin eta EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako botoekin, eta horren ordez EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztutako zuzenketa onartu da, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldearen kontrako botoekin eta EH Bildu eta Arabako Popularrak taldeen abstentzioarekin.