null Marrazketa, idazketa eta bideoko eskola-lehiaketen lehen edizioa

Marrazketa, idazketa eta bideoko eskola-lehiaketen lehen edizioa

Eskola lehiaketak
2021 urt. 28

Arabako Lurralde Historikoko Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei zuzenduta daude

Arabako Batzar Nagusiek eskola eremuari zuzendutako ekimen berri bat jarri dute abian. 40. urteurrena dela eta, Arabako legegileak ekimen bat ezarri nahi du, urteroko deialdi baten bidez denboran irauteko asmoarekin sortua: marrazketa, idazketa eta bideoko eskola-lehiaketak. Deialdia Lurralde Historikoko ikastetxe guztietara bidali da, eta dagoeneko irekita dago. Lanak 2021eko martxoaren 12ra arte aurkeztu ahal izango dira. Lehen edizio hau maiatzean egingo den sari banaketarekin amaituko da.

Erakundearen ezagutza gizarteko hainbat esparrutan zabaltzeari begira, Arabako Batzar Nagusiek funtsezkotzat jo dute lan hori adin goiztiarrenetatik hastea, horiek izango baitira Arabaren etorkizuna, eta botoa emateko eskubidea erabili beharko dutenak edo, are gehiago, datozen urteetan prokuradore gisa parte hartu beharko dutenak.

Horrela, Arabako Legebiltzarrak hiru eskola-lehiaketa antolatu ditu Lehen Hezkuntzako azken mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailetako ikasleentzat. Beheko mailetara zuzenduta, 'Araba, gure Lurraldea' izenburupean, Araba zer den arte plastikoen diziplinatik jorratu nahi duen marrazki-lehiaketa bat jasotzen du proposamenak. Lana marrazki bat egitea izango da, lelo idatzi batekin, biak ere Arabako Lurralde Historikoan adin horietako ikasleentzat denarekin zuzenean lotuta.

Bigarren Hezkuntzako lehen mailen kasuan, ikasleek jarduerari, historiari, Lurraldean daukaten presentziari edo Arabako gizartearekin duten harremanari buruzko ikerketa egitea proposatzen du ekimenak, idatzizko adierazpenaren bidez Batzar Nagusiek LurraldeHistorikoko legebiltzar gisa duten balioa islatzeko. Literatura-sorkuntza poesia edo prosa moduan aurkeztu ahal izango da, eta bi kategoria bereiziko dira gaztelaniazko eta euskarazko lanetarako.

Hirugarren lehiaketak teknologia berrien erabilera arrazional eta hezitzailea sustatuko du bideo-sorkuntzen bidez. Kasu horretan, lanak talde-egileenak izango dira, hau da, gela oso batek aurkeztuko ditu eta formatu digitalean egingo dira, bai telefono mugikorrarekin, bai kamera digitalarekin. Aurreko atalean bezala, epaimahaiak erakundearen originaltasuna eta ikerketa baloratuko ditu. Lehiaketa hau Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleei ere zuzenduta egongo da. Horrela, irakasleekin talde-lan horiek egiteko egiten den ikerketak bultzada eman ahal izango die gazteei idatzizko adierazpen-lehiaketan parte har dezaten.

Lanak onartzeko epea 2021eko martxoaren 12an amaituko da, eta egun horretatik aurrera epaimahaiak lanak aztertuko ditu, ezarritako ebaluazio-irizpideen arabera irabazleak zein diren zehazteko. Originaltasuna nagusituko da, eta, bereziki, idatzizko eta bideoko adierazpen-lehiaketetan, ikerketa-lana eta ekarpen pertsonala.

Azkenik, maiatzean banatuko dira sariak. Banakako kategoria bakoitzean, lehiaketak lehen sari bat emango du, ordenagailu eramangarri batekin, eta bigarren sari bat, tablet batekin. Bideo-lehiaketaren parte-hartzea kolektiboa da, eta lehen postua lortzen duen ikasleak Arabako Lurralde Historikoko baliabide batera bisita gidatua egiteko aukera izango du. Gainera, Arabako Batzar Nagusien eskutik klaserako materiala jasoko du, 500 eurokoa. Kategoria honetako bigarren saria txangoa izango da taldearentzat, Arabako Lurralde Historikoko baliabide batera bisita gidatua eginez.

Informazio gehiago: hezkuntza@jjggalava.eus 

Oinarriak