null Arabako Batzar Nagusiek LGTBI kolektiboaren bandera altxatu egin dute egoitzaren kanpoaldean

Arabako Batzar Nagusiek LGTBI kolektiboaren bandera altxatu egin dute egoitzaren kanpoaldean

LGTBI banderaren altxatzea
2021 eka. 28

Arabako Parlamentuak adierazpen instituzionala onartu du gaur goizean LGTBI Pertsonen Eskubideen Nazioarteko Eguna izango dela eta

Arabako Batzar Nagusiek LGTBI kolektiboaren bandera altxatu dute gaur goizean, egoitzaren kanpoaldean, Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu ostean, LGTBI Pertsonen Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta. Lurraldeko Ganberan dauden batzarkide talde guztiek eskatu dute aho batez bultza ditzatela diskriminazioari aurre egiteko eta sexu- eta genero-aniztasuna ikusarazteko ekintzak eta politikak, bai eta koordinaziorako, arretarako eta erantzun publiko instituzionalerako protokoloak ere, LGTBI pertsonen aurkako indarkeriari aurre egiteko, edo jazarpenari eta eraso LGTBIfobikoei erantzuteko eta arreta emateko.

Era berean, kezka berezia agertu dute gorrotoaren diskurtsoaren gorakadaren aurrean, eta gogor arbuiatu dute LGTBI pertsonen eta haien oinarrizko eskubideen aurkako diskriminazio oro: "Argi daukagu ezin dela adi egoteari uztea sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako diskurtso eta planteamenduen gorakadaren aurrean, eta horrek zuzeneko ondorioak ditu: alde batetik, LGTBI kolektiboaren eskubideak onartzearen aurkako oposizioa; eta, bestetik, erasoak areagotu izana, duela egun gutxi egiaztatu dugun bezala euskal herri batzuetan. Horregatik, oraindik ere beharrezkoa da LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko borroka ikusarazten jarraitzea ".

Arabako Batzar Nagusiek, halaber, urte hauetan guztietan LGTBI pertsonen eskubideen alde lan egin duten eta egiten jarraitzen duten erakundeen konpromisoa aitortu nahi izan dute, bai eta sexu-askapenaren aldeko borrokaren alde bizitza eta ahaleginak eman dituzten pertsona guztiena ere; izan ere, gaur egun, sentsibilizazio, kontzientziazio eta gizarte-eraldaketako lan goresgarria antolatzen eta gauzatzen jarraitzen dute. Lan hori, Arabako Parlamentuaren ustez, funtsezkoa izan da kolektiboaren giza eskubideen legezko aitorpenean aurrera egiteko.

Onartutako adierazpen instituzionalak, gainera, hezkuntzaren eremuan sexu- eta familia-aniztasuna aitortzearen alde lan egiten jarraitzearen alde egiten du, haurrek beren nortasuna eta sexu-orientazioa askatasunez eta diskriminaziorik gabe garatu ahal izan ditzaten, bai eta ikuspegi feministako prestakuntza-prozesuak sustatzearen alde ere, bai langile publikoentzat, bai ordezkari politikoentzat.

Testuak amaitzeko, herritarrei dei egiten die foro publikoek, hedabideek eta sare sozialek LGTBI harrotasunaren Nazioarteko Eguna aniztasunaren aldeko borroka-eguna dela ikusarazteko sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldiekin bat egin dezaten.

Bandera altxatzea eta argiztapen berezia

2017tik hona etengabe gertatu den bezala, ostadar bandera, LGTBI pertsonen eskubideen defentsaren ikurra, Arabako Foru Ganberaren kanpoaldean egongo da berriro. Gainera, egoitzaren fatxada nagusia entseina honen koloreekin argiztatuko da datorren astean. Gaur goizean onartutako adierazpen instituzionalean hartutako konpromisoetako bat baino ez da.