Arabako Batzar Nagusiek Lur Jareetako ohiko osoko bilkura egingo dute hilaren 30ean Zigotian

Arabako Batzar Nagusiek Lur Jareetako ohiko osoko bilkura egingo dute hilaren 30ean Zigotian

Zigoitia
2021 mai. 11

Iaz bertan behera utzi behar izan zuten deialdia, pandemiaren ondorioz, eta ohiko programan aldaketak izango ditu, osasun agintarien gomendioetara egokitzeko

Datorren maiatzaren 30ean, hilaren azken igandean, Arabako Batzar Nagusien tradizioak eta araudiak adierazten duten bezala, Arabako legebiltzarrak bere osoko bilkuren aretoa Zigoitiko Ondategi herrira eramango du, erakundearen ospakizun historikoetako bat betetzeko: Lur Jareetako osoko bilkura. Joan den urtean bertan behera utzi behar izan zuten, Lurraldearen osasun egoera zela eta, eta oraingoan programak ere eragina izango du eta osoko bilkurara mugatuko da.

Arabako Batzar Nagusien osoko bilkurak abenduaren 9an erabaki zuen Zigoitiko Udalari ematea 2021eko Lur Jarretako osoko bilkuraren antolaketa, kontuan hartuta udalerri hori bera aukeratu zutela bilkura hori iaz egiteko, baina azkenean ezin izan zuela egin. Hala, maiatz honetan, Arabako legebiltzarrak 1979an Arabako legegilea berrezarri zenetik eten ez zen tradizioa berreskuratu du, une horretatik aurrera 37 herritan egin baita.

Lur Jareetako osoko bilkurarekin batera egin ohi da, ez bakarrik “Arabako Foru Ohituraren Erabakiek eta Ordenantzek finkatutakoa (idatziz zein ahoz) burutuko da ekitaldiari, ospakizunari eta bilkuraren aurreko eta osteko protokoloei dagokienez”, Ganberaren araudiak adierazten duen bezala, baita kasu honetan antolatu ezin izango diren hainbat ekitaldi sozial ere. Horrela, ospakizuna agintarien harrera murritz batera eta osoko bilkurara mugatuko da, eta hori bai, Batzar Nagusietako presidentearen, Zigoitiko alkatearen eta Gorbeialdeko Kuadrillako presidentearen hitzaldi laburrekin hasiko da, azken horiek bilkuraren anfitrioiak baitira.

Ospakizun hori Arabako erakundearen tradizioan oinarritzen da; izan ere, XV. mendean hasi zenetik, urtean ohiko bi saio egin ditu historia osoan (azaroko azken igandeetakoak edo Santa Katalinakoak, Gasteizen, eta maiatzekoak, hiriburutik kanpo dagoen herri batean). Gaur egun, gainera, Arabako foru legegilea Lurralde Historikoko puntu desberdinetara hurbiltzeko funtsezko helburua betetzen du.

Arabako Batzar Nagusiak 1463an sortu ziren, Ribabellosan, “Arabako Oso Noble eta Oso Leial Probintziaren Lege eta Ordenantzen Koadernoa” onartzean. Ordutik, maiatzean eta azaroan ohiko bi saio egitea izan zen Arabako lehen erakunde horren lan egiteko modua. 1876an, Cánovas del Castilloren gobernuaren esku desegin baino zenbait urte lehenago, bilera hauek egiteari utzi behar izan zitzaion, foruen abolizioa jada ikusten zen giro bereziki gatazkatsuaren ondorioz.

Ondoren, 1958 eta 1977 artean, Batzar Oroimenezkoak deiturikoak ospatu ziren. Nahiz eta balio ofizialik ez izan, Batzar Nagusiak deseginda zeudela, bertan behera utzitako Arabako foru-batzarrak gogora ekarri nahi zituzten, Arabako Lurralde Historikoko herritarren ordezkaritza-erakunde historiko gisa.

1978an, gaur egungo demokrazia-garaian, Batzar Nagusiak berrezarri baino lehen, bilkura hori ez egitea erabaki zen, lehenengo udal-hauteskundeak egin arte itxaroteko Arabako Parlamentua eratzeko. Aurreikusitako araudiaren arabera, udalerri guztiak ordezkatzeko izendatutako prokuradoreekin osatuko zen. 1979ko maiatzean normaltasuna itzuli zen Lur Jareetako ohiko bilkuretara, Agurainen egindako osoko bilkurarekin.