Arabako Batzar Nagusiek 2022ko lehenengo osoko bilkura egingo dute asteazkenean - www.jjggalava.eus
- Mediateka
- Agenda
- Bilkuren historikoa
Bilkurak
- Jarduera Orokorra
- Ekimenen laburpena
- Saioen laburpena
Estatistikak
- Historia
- Egoitza
- Memoriak
- Funtzio orokorrak
- Akta historikoak
Instituzioa
- Berdintasuna
- Kuadrillak
- Administrazio zerbitzuak
- Ganberaren erregelamendua
Funtzionamendua
Albisteak
Arabako Batzar Nagusiek 2022ko lehenengo osoko bilkura egingo dute asteazkenean
Ostegunean Nekazaritza batzordea bilduko da Arabako legegilearen egoitzan
Arabako Legebiltzarrak beste osoko bilkura bat egingo du asteazken honetan, aurtengo lehena. Hasteko, prokuradoreek erabaki beharko dute Foru Gobernu Kontseiluaren abenduaren 28ko 9/2021 Zerga Premiazko Arau Dekretua baliozkotzea edo indargabetzea, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 19ko 12/1993 Foru Dekretu Arauemailearen eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko martxoaren 31ko 11/2003 Foru Arauaren aldaketa onartzeko.
Jarraian, batzarkide taldeek aurkeztutako lau mozioren eztabaida aurreikusten du gai-zerrendak. Hori Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldearen proposamen batetik hasiko da, bermatzeko Natura 2000 sarean sartuta dauden Arabako guneek eta gune horien kontserbazio-xede guzti-guztiek ez dezatela jasan energia berriztagarriko zentralen instalazioen eragina. Ondoren, Arabako Popularrak batzarkide taldeak Arabako ostalaritzari babes handiagoa eskatzea proposatuko dio Foru Ganberari, eta EH Bildu taldeak, berriz, hornidura energetikoaren prezioen gorakadak eragiten dituen kalteak osoko bilkuren aretora eramango ditu. Azken ekimena Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide-taldeak aurkeztuko du, eta nekazaritza-lurren birsorkuntza eta osasunerako eta klima-aldaketaren aurkako premiazko borrokarako onuragarriak izango diren nekazaritzako ekoizpen-eredu berriak sartzea eta babestea eskatuko du.
Ostegunean, Nekazaritza batzordea Arabako Batzar Nagusien egoitzan bilduko da, gai-zerrendari buruzko hainbat gairekin. Hasteko, UAGAko presidenteak abeltzaintza-sektorea bizitzen ari den egoera baloratuko du, otsoak lurraldean izan dituen azken erasoei dagokienez. Ondoren, Eduardo Aguinaco arloko foru diputatua izango da maiatzaren 26ko 44/2021 mozioaren betetze-mailari buruzko informazioa emango duena. Mozioa nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan energia-eraginkortasuna hobetzeari, ureztatzaileen erkidegoetarako ureztatze-tarifa bikoitza ezartzeari eta landa-eremuan energia berriztagarriak ezartzeari buruzkoa zen.
Batzordeen bilerak zuzenean jarraitu ahal izango dira Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.