Legegintza-astea Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Batzordearen bilerarekin hasiko da astelehenean - www.jjggalava.eus
- Mediateka
- Agenda
- Bilkuren historikoa
Bilkurak
- Jarduera Orokorra
- Ekimenen laburpena
- Saioen laburpena
Estatistikak
- Historia
- Egoitza
- Memoriak
- Funtzio orokorrak
- Akta historikoak
Instituzioa
- Berdintasuna
- Kuadrillak
- Administrazio zerbitzuak
- Ganberaren erregelamendua
Funtzionamendua
Albisteak
Legegintza-astea Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Batzordearen bilerarekin hasiko da astelehenean
Legegintza-astea Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Batzordearen bilerarekin hasiko da astelehenean
Astelehenean bertan bilduko da, halaber, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren batzordea, eta astean zehar, osoko bilkuraren eta Gizarte Ongizate eta Nekazaritza batzordeen bilerak ere izango dira
Arabako Lurraldeko legegintza-astea astelehen goizean hasiko da, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren batzordearen bilerarekin. 9:00etan, Carlos Ibarlucea alorreko foru diputatuak Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide-taldeak garraio-azpiegituren soinu-efektua murrizteko neurri zuzentzaileei buruz egindako galderari erantzungo dio. Galdera horren ostean azalduko du, batetik, AP-68 autobideak Araban duen kudeaketari eta Estatuaren dirulaguntzei buruzko hainbat gai, eta, bestetik, Urduñako portuan gertatzen diren lur-jausien inguruan sailak duen jarrerari buruz. Era berean, Abiadura Handiko Trenaren inguruko azken nobedadeen aurrean, EH Bilduren ekimenez, beste galdera bati erantzungo dio foru gobernuko kideak.
Goiz horretan bertan, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren batzordea bilduko da Arabako Ganberan. 12:00etatik aurrera, AEnkomer Arabako Merkataritza eta Zerbitzuen Federazioko presidenteak Arabako merkataritzaren eta zerbitzuen sektorearen egoeraren berri emango du, eta hura hobetzeko proposamenak proposatuko ditu. Ondoren, bigarren diputatuorde nagusi eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko foru diputatu Cristina Gonzálezek taldeei azalduko die Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Lehen Sekzioak emandako 000011/2023 epaia, Kultura eta Kirol diputatuaren alabaren Suhiltzaileen Erakunde Autonomoko lanpostuaren izendapena baliogabetzen duena. Bilera amaitzeko, EH Bilduk euskararen aurkako eraso judizialen harira aurkeztutako mozioa eztabaidatuko dute.
Foru Ganberan ohikoa den bezala, asteartean Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzarraren asteroko bileren txanda iritsiko da. Bilera horietan, besteak beste, martxoaren 29an, hurrengo asteazkenean, egingo den osoko bilkuraren gai-zerrenda adostuko da.
Asteazkenean, bestalde, Arabako legegileak beste osoko bilkura bat egingo du, eta, hala badagokio, Estatuko Administrazio Orokorreko Barne Ministerioaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko hauteskunde-kudeaketaren arloko hitzarmena berresteko foru-arauaren proiektua onartuko du, 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeak direla eta, batzarkide-taldeek aurkeztutako lau mozioei heldu baino lehen.
Lehenengoan, Arabako Popularral batzarkide-taldeak aurkeztua, Arabako Lurralde Historikoko landa-eremuan oinarrizko zerbitzuak emateari buruzko ekainaren 23ko 58/2021 Mozioa ez betetzeko arrazoiak aztertuko dira; bigarrenean, EH Bilduren ekimenez, Zerbitzuari Lotutako Prestazio Ekonomikoa jasotzen duten erabiltzaileak foru plaza batean bizi direnen aurrean ez diskriminatzeko hartu beharreko neurriak eztabaidatuko dira; eta hirugarrenean, EH Bilduk ere eskatuta, Gasteizko mendiak parke natural izendatzeko eskaerari helduko zaio. Amaitzeko, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide-taldeak Arabako Ur Partzuergoetan etxeko biztanle-kopuruaren araberako tarifa-sistema progresiboak ezartzea sustatuko du, familietan gainkostu bidegabeak saihesteko.
Ostegunean, Gizarte Ongizateko batzordeak, 9:00etatik aurrera, Emilio Sola foru diputatuaren lau agerraldi hartuko ditu, desgaitasun intelektuala duten 65 urtetik gorako pertsonak egoitza-zentro pribatuetara eramateari, legealdia amaitu baino lehen Desgaitasuna Baloratzeko Unitatea hobetzeko neurriak ezartzeko asmoari, Pablo Neruda egoitzako berezko hitzarmenaren egungo negoziazioari eta Foru Erakundetik ematen ari diren urratei, eta gizarte-langileen azken EPEari buruzkoak. [Pablo Neruda egoitzari buruzko gaia proposamena egin duen taldeak erretiratu egin du, 2023-03-21]
Azkenik, ostiralean Nekazaritza batzordearen azken bilera deitzea aurreikusi da. Bertako kideen aurrean, Betilagun Animaliak Babesteko Elkartea agertuko da, bere jardueraren berri emateko eta Lurralde Historikoan dauden kolonia felino ugarien inguruan sortzen ari diren arazoak azaltzeko, bai eta horri buruzko irtenbide posibleak proposatzeko ere. Halaber, Arabako Atoiontzien Elkarteak, Ukrainako gerrak sortutako egoerak eragiten dizkien arazoak direla-eta sektoreak duen egoeraren berri emango du eta sektorea mantentzeak dakartzan kostuei aurre egiteko laguntza-proposamenak egingo ditu. Era berean, batzarkide taldeek aurkeztutako hiru mozio jorratuko dira saioan: EH Bilduk Ganbera Arabako erlezaintzari babesa ematearen alde jartzen saiatuko da, eta Nekazaritza eta Basogintzaren Lurralde Plan Sektorialak balio estrategiko handikotzat jotzen dituen nekazaritza-lurrak proiektu fotovoltaikoak instalatzeko baztertze-eremu izendatzen ere. Arabako Popularrek, berriz, Nekazaritza Politika Bateratuak Araban izango dituen ondorioei buruzko eztabaida zabalduko dute.
Batzordeen bilerak, eta baita osoko bilkura ere, zuzenean jarraitu ahal izango dira Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.