null Ingurumen eta Hirigintza Batzordeak astelehenean irekiko du aste legegilea Araban

Ingurumen eta Hirigintza Batzordeak astelehenean irekiko du aste legegilea Araban

Sala de comisiones
2021 eka. 25

Astean zehar, gainera, Gizarte Ongizateko eta Garapen Ekonomikoko, Berrikuntzako eta Erronka demografikoko batzordeak bilduko dira

Arabako Lurralde Historikoko aste legegilea astelehenean hasiko da, Ingurumen eta Hirigintza batzordeak 9:30etik aurrera egingo duen bilerarekin. Bertan, Berguenda, Fontecha eta Larrazubiko kontzejuetako presidenteak agertuko dira, beren herrietan uraren hornikuntzarekin eta tratamenduarekin lotutako arazoak eta Urbide Partzuergoaren egoera azaltzeko.

Foru Ganberan ohikoa den bezala, asteartean Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen asteroko bileren txanda izango da. Azken horrek bere egitekoen artean izango du gobernuaren kontrolerako ekaineko bilkuraren gai-zerrenda adostea.

Asteazkenean, Gizarte Ongizateko Batzordea bilduko da foru parlamentuaren egoitzan, lehenik eta behin, Emilio Sola Gizarte politiketako foru diputatuaren bi agerraldi hartzeko. Lehenengoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen II. Mapa egitean defendatuko dituen irizpideei eta parte-hartzeari buruz, eta bigarrena Laudioko San Roke egoitzan erizaintzako langilerik eta Gizarte Ongizatearen Foru Erakundean guztian medikurik ez egotearu buruz. Ondoren, SATSE sindikatuko ordezkariek informazioa emango dute erizainek adinekoen eta desgaituen egoitzetan dituzten lan-baldintzei eta eginkizunei buruz, eta lan-poltsetan duten eraginari buruz. Saioa amaitzeko, EH Bildu batzarkide taldeak aurkeztutako mozioa eztabaidatuko dute batzordekideek, Arabako Foru Aldundiak eskaintzen duen adopzio ondoko zerbitzuaren inguruan.

Ostegunean, uztailak 1, Ekonomiaren Garapen, Berrikuntza eta Erronka demografikoko batzordea bilduko da Arabako Batzar Nagusien egoitzan. Bertan, Arabako Popularrak eta EH Bildu batzarkide taldeek aurkeztutako bi mozio eztabaidatuko dituzte, Amurrioko Zabaleko Ikastetxea irekita mantentzeko beharrari buruz eta Tubacex enpresaren egoerari buruz, hurrenez hurren.

Batzordeen bilerak zuzenean jarraitu ahal izango dira Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.