Ingurumen eta Hirigintza batzordeak irekitzen du Arabako Ganberaren agenda

Ingurumen eta Hirigintza batzordeak irekitzen du Arabako Ganberaren agenda

Sala de comisiones
2023 ots. 27

Martxoaren 1ean, asteazkenean, izango da legealdi honetako gobernuaren kontrolerako azken osoko bilkura

Arabako Lurraldeko legegintza-astea astelehen goizean hasi da, Ingurumen eta Hirigintza batzordearen bilerarekin. Hasteko, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide-taldeak aurkeztutako mozio bat eztabaidatuko dute organo horretako kideek, administrazio eskudunei premiazko neurriak eskatzeko Alegria ibaiaren emari ekologikoa bermatzeko eta ibai horren ubidearen inpaktuei irtenbideak emateko. Ondoren, Josean Galera alorreko foru diputatuak agerraldi bikoitza egingo du, alde batetik, Arabako Hiri Hondakinen Behatokiaren 2021eko txostenaren emaitzak azaltzeko eta, bestetik, Zanbranako Udalaren osoko bilkurak salatutako egoerari erantzuteko, zaborrontzien irisgarritasun-araudia ez betetzeagatik.

Bilkura horretan bertan, Labrazako Kontzejuko Administrazio Batzordeko ordezkariak ere agertuko dira, Labrazako Parke Eolikoaren arazoen berri emateko. Bertan, Arabako Lurralde Historikoko Bizikleta Bideen eta Ibilbide Berdeen Lurralde Plan Sektoriala eta Arabako Bizikletaren Estrategia behin betiko onartzeko foru-arauaren proiektuari buruzko irizpena eztabaidatuko da, eta, amaitzeko, beste mozio bat eztabaidatuko da, kasu honetan Eusko Jaurlaritzari eskatzeko Gorobel Mendilerroa eta Arabako Errioxa eremuak Babestutako Paisaia Naturalen izendapena, Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldearen ekimena.

Foru Ganberan ohikoa den bezala, bihar, asteartean Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzarraren asteroko bileren txanda iritsiko da. Bilera horietan, besteak beste, martxoaren 8an, asteazkenean, egingo den osoko bilkuraren gai-zerrenda adostuko da.

Asteazkenean, martxoak 1, Arabako Parlamentuko osoko bilkuren aretoak, Probintziako Jauregi-etxean kokatuta dagoenak, ateak irekiko ditu berriro, baina oraingo honetan beste foru exekutiboaren kontroleko osoko bilkura bat hartzeko, martxoari dagokiona eta legealdi honetako azkena. Bertan, Arabako Foru Aldundiko kideek sei interpelazio eta hamar galderari erantzungo diete. Horietatik zazpi Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide-taldearen ekimena dira, bost EH Bildukoak, eta gainerako laurak Arabako Popularrak taldeak aurkeztu ditu. Diputatu nagusiak, bere aldetik, hiru ekimeni erantzun beharko die, Lurralde Orekako foru diputatuak eta Gizarte Politiketako foru diputatuak hiruna ekimeni, eta Ekonomiaren Garapen, Berrikuntza eta Erronka Demografikoko, Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko, Nekazaritzako eta Ingurumen eta Hirigintzako sailetako titularrek bana.

Bestalde, ostegunean, Gizarte Ongizateko batzordeak bisita bat egingo du Gasteizko Arabarren egoitza eta eguneko zentro berria hartzen duen eraikinera, eta, astea amaitzeko, ostiralean bilduko da Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren batzordea. Batzorde horren aurrean, AEnkomer Arabako Merkataritza eta Zerbitzuen Federazioko presidentearen agerraldia bideratuko da, Arabako merkataritza- eta zerbitzu-sektorearen egoeraren berri emateko eta sektore hori hobetzeko proposamenak egiteko.

Batzordeen bilerak, eta baita osoko bilkura ere, zuzenean jarraitu ahal izango dira Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.