Ingurumen eta Hirigintza eta Gizarte Politiketako foru diputatuek eta REAS Euskadiko ordezkariek agerraldia egingo dute batzordean

Ingurumen eta Hirigintza eta Gizarte Politiketako foru diputatuek eta REAS Euskadiko ordezkariek agerraldia egingo dute batzordean

Batzordeen aretoa
2021 mai. 21

Datorren asteari amaiera emango dio, gainera, igandean Ondategin egingo den Lur Jareetako osoko bilkura tradizionalak

Arabako aste legegilea astelehenean hasiko da Lurralde Orekaren batzordeak 9:00etatik aurrera egingo duen bilerarekin. Bertan, EH Bildu batzarkide taldeak proposatuta, Arabako kontzejuetan 2021eko apirilaren 2an Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea betetzeko mozioa eztabaidatuko dute prokuradoreek. Goizean bertan, Ingurumen eta Hirigintza batzordeko kideak bilduko dira Arabako Legebiltzarrean. Horien aurrean, arloko foru diputatu José Antonio Galera agertuko da, batetik, Klima Araba 2050 Estrategiari buruzko azalpenak emateko, eta, bestetik, Euskal Haiziek sustatutako proiektuaren interes publikoko deklarazioari buruzko espedientearen berri emateko, Gesaltza Añanako 1. poligonoko 673 lursailean estazio meteorologiko bat instalatzean oinarrituta. Saioa amaitzeko, Berguenda, Fontecha eta Puentelarrako kontzejuetako presidenteek, beraiek hala eskatuta, beren herrietako ur-hornikuntzarekin eta -tratamenduarekin lotutako arazoak azalduko dituzte, baita Urbideko Partzuergoaren egoera ere.

Foru Ganberan ohikoa den bezala, asteartean Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen asteroko bileren txanda izango da. Azken horrek, besteak beste, maiatzaren 30ean (igandea), Lur Jareetako osoko bilkura izango dena, eta ekainaren 2an (asteazkena) egingo diren bi osoko bilkuretako gai-zerrendak adostuko ditu. Horren aurretik, hilaren 26an, Probintziako jauregi-etxeak beste osoko bilkura bat egingo du.

Saioa hasteko, Arabako Popularrak batzarkide taldeak aurkeztutako klima-aldaketari, energia-trantsizioari eta karbono-ekonomia neutroari buruzko foru-arauaren proposamena hartuko da kontuan, hala badagokio. Ondoren, hiru mozio izango dituzte eztabaidagai.

Lehenik eta behin, Arabako Popularrak batzarkide taldeak elektrizitate-tarifa berriek lehen sektorean dituzten ondorioei buruzko eztabaida sustatuko du; ondoren, Armentia-2an gasa esploratzeko lizentzia ukatzeko Eusko Jaurlaritzaren errekurtsoari buruz EH Bildu batzarkide taldeak aurkeztutako mozioa aztertuko da, eta, amaitzeko, batzarkide talde horrek berak Arabako erremolatxa-sektorea defendatzeko mozio bat planteatuko du.

Ostegunean, hilak 27, Arabako Batzar Nagusien egoitzan Gizarte Ongizateko batzordea bilduko dela aurreikusita dago. Batzorde horren aurrean, Emilio Sola Gizarte Politiketako foru diputatuak agerraldia egingo du, Hiesaren aurkako Herritarren Batzordeak eta ADAPek kudeatutako presoen arretarako baliabideen egungo eta etorkizuneko egoera azaltzeko. Halaber, foru gobernuko kideak EH Bildu batzarkide taldearen galderari erantzungo dio, Aramaioko herritarrentzat plazak hitzartzeari buruzko zalantza batzuk argitzeko. Jarraian, batzordeak bi mozio eztabaidatuko ditu. Mozio horiek, EH Bildu eta Arabako Popularrak batzarkide taldeek aurkeztuta, hurrenez hurren, alde batetik, Arabako Foru Aldundiari eskatuko diote erresilientzia-programa bat sor dezala adinekoei arreta emateko foru egoitzetan, eta, bestetik, Arabako Foru Aldundiaren adinekoen egoitzen sarean erizaintza indartzeko plan bat abian jartzea

Bestalde, ostiralean beste saio bikoitza izango dugu batzorde aretoan. 9:00etan, Kultura eta Kirol batzordea deitu da, non Ana del Val arloko diputatuak erantzun beharko dion Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeak Arabako Lurralde Historikoko Artxiboaren egoera eta erabilera ezagutzeko egindako galderari. Ondoren, Nekazaritza batzordearen txanda iritsiko da, eta REAS Euskadiko (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea) ordezkaritza bat agertuko da batzorde horretako kideen aurrean. EH Bildu eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeek eskatuta, nekazaritza eta abeltzaintza birsortzailea lortzeko beharrezkoak diren ekimen eta tresnen berri emango du. Saioa amaitzeko, EH Bildu batzarkide taldeak abeltzaintzaren artilea berrerabiltzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko proiektuaren alde aurkeztutako mozioa eztabaidatuko dute prokuradoreek.

Astea bukatzeko, Arabako Batzar Nagusiek maiatzaren 30ean, igandean, egingo dute Lur Jareetako ohiko osoko bilkura, iaz hitzordu historiko hori bertan behera utzi behar izan ostean. Zigoitiko udalerriko Ondategi herriak harrera egingo die prokuradoreei, gaur egungo osasun-egoerara egokitu behar izan den ospakizun batean. Ospakizun hori, beraz, ia osoko bilkura soilera mugatuko da.

Tradizioaren aipamena

Batzordeen bilerak eta osoko bilkurak zuzenean jarraitu ahal izango dira Arabako parlamentuaren mediatekaren bidez (http://mediateca.jjggalava.eus/live), eta amaitu ondoren, osorik eta gai-zerrendako puntuka eta prokuradoreen esku-hartzeka zatituta ikusi ahal izango da, honako aplikazio beraren bidez.